2010/01/29

Arregiren zahartze-prozesua (Txurrukaren hitzetan)

Jesus Mari Arregi dugu pasadizoen iturri sarritan txoko honetan. Neuk, behintzat, bizar zuriz eta neguan txapelaz gogoratzen dut. Beraz, omenaldien garaia iritsita,  honez gero jubilatua egongo zelakoan nengoen. Baina, ez omen da horrela. Beste Jesus Mari batek, Txurrukak alegia, uste ustel honen zergatiaren arrazoi zientifikoa eman dit ;-)

"Arregiren zahartze-prozesua, bere fenotipoaren arabera, asintotikoa izan ei da" (asintota berez grekeratik dator, ἀσύμπτωτος — asýmptōtos— "erortzen ez dena")


Bestela esanda, orain dela 30 urte inguru zuen itxura mantentzen du gutxi gora behera eta garai hartan , gainera, uste baino gazteagoa zen benetan. Antza, zahar itxurara arinago helduta ere hor eusten dio mailari.

Zalantza pare bat. Ez dut argi Leioako Zientzi Fakultatearen eragina genotipoan. Eta azkena momentuz; ez didate argitu oraindik "suspentso abtsolutuak" jartzeko joera duen, edota berori asintotikoa edo esponentziala den :-D

Edonola ere, Txurrukaren hitzetan berak 26 urte eta hilabeteak baino ez ditu (hamaika hilabete jartzera nindoan, bostehun eta piku izan daitezkeen arren)

Irudia, Wikimedia Commons-etik hartua.

2010/01/25

Joserra Etxebarriaren aspaldiko argazki famatua testuinguratzen

Argazkia lortu genuen eta Joserrari azalpena emateko eskatu diogu. Hona hemen berak idatzitakoa.



"Adolfo Suarezek, sasoi hartan Espainiako presidentea zenak, berari egindako galdera bati erantzutean (euskararen erabilerari buruzkoa nonbait) esan zuen, gutxi gora behera, ezinezkoa zela Kimika Nuklearra euskaraz lantzea. Nonbaiten erantzun nion bi gauza baino ez zirela behar horretarako, euskara jakitea eta Fisika Nuklearra jakitea.

Testuinguru horretan Lan Kide Aurrezkiak (orduan horixe zen Caja Laboral Popular erakundearen izena euskaraz) kanpaina publizitario bat abiatu zuen, euskara edozein arlotan erabiltzen bultzatzeko. Nitaz gogoratu ziren.

Izan ere, ordurako normal-normal ematen genituen euskaraz Fisikazko klaseak, baita zentral nuklearrei buruzko hitzaldiak ere; Lemoizko zentralaren inguruko eztabaida puri-purian baitzegoen."

2010/01/23

Martxoaren 5ean, lagunok

Fumata zuria dagoeneko. Martxoaren 5an, goizeko 10etatik aurrera burutuko da ekitaldi / omenaldia Leioako campusean, arboretum-etik hasita, Aula Magnatik pasata eta beste nonbait bukatuta.

Joan agendetan toki egiten. Ez da huts egitea onartuko!

2010/01/22

Kutsidazu bidea, Ixabel (Edorta España)

Joxean Sagastizabalek “Kutsidazu bidea, Ixabel” eleberri umoretsua idatzi baino 15 urte lehenago ere, euskaldun berrioi horrelakoak gertatzen zitzaizkigun Leioako Zientzi Fakultatean.

Egun batean, klaseen arteko atsedenaldian geundela, Joxean ikaskideak —ondarrutarra bera— behin eta berriro esaten zuen esaldi bera: “Ondarrun morun”. Eta nik, jakinminez eta ulertu ezinez, inozo‑inozo galdetu nion: ”aizu, Joxean. Zer da, bada, “Ondarrun morun” hori? Ondarrun moro bat dagoela?” Haiexek izan ziren barre‑algarak han entzun zirenak!

2010/01/18

"Euskal lerroak abian" Euskadi Irratian

Zuzenean entzuteko modurik izan ez baduzu, hona hemen bigarren aukera.
Argazkian Joserra Etxebarria eta Jesus Mari Txurruka.




2010/01/16

Jesus Mari Txurruka eta bareak


Gogoan al duzue lotura hori, Txurruka eta bareena alegia? Hara zer aurkitu dudan  Internetetik saltseatzen:  Gara egunkarian argitaraturiko artikulu hau (argazkia ere bertakoa da)  Beraz, guri klase ematen hasi aurretiko "zaletasuna" omen da.

Egongo ote da munduan bareei buruz gehiago dakienik? ;-)

2010/01/13

Astelehenean, Euskadi Irratian

Zertan gabiltzan jakiteko eta zertan genbiltzan gogoratzeko irakurri ordez entzun nahi baduzu, datorren astelehenean, hilak 18, ez galdu bostetatik aurrera Euskadi Irratian "Arratsaldekoa" saioa.

Irakakasle ohi batek esan didanaren arabera, zerrenda pasatzeko asmoa du ;-)

2010/01/12

Jaun Baruak usoak harrapatzeko erabili zuen xedera (Iñigo Gomez)

Gaurkoan Iñigok dakar Arregiri buruzko beste pasadizo bat. Ez dakit matematika ikasiko genuen, baina etorkizunerako kontu ugari utzi zigun irakasle honek :-D

"Behin kurbei istorioren bat zegokigun eta xedera hitza atara zuen Arregi xelebre honek. Nik edo beste iletradu batek hitz horrek zer adierazi nahi zuen galdetzerakoan, irakasleak esaldi hori bota zuen. Eta gero noski abestiaren musikarekin jarraitu zuen."

2010/01/10

Eta hantxe izan gara

Honen data bitxian, 10-01-10, eta 10.10etatik aurrera gainera, Onda Vascan  egon gara Jesus Mari eta biok, Itsaso Güemesekin ekimenari eta garai haietako pasadizoei buruz berriketan, ea ez den inor geratzen berri izan gabe.




2010/01/07

Zero biderkatzailearen aplikazio praktikoa

Ninbe Arrartek gogoratutakoarekin bat datorren pasadizoa. Protagonistetako bat, Jesus Mari Arregi; bigarrena, Xabier Azurmendi ikaskidea, Atxurri ezizena zuena.

Arbelaren aurrean zegoen Arregi, integral baten ebazpenaren bila. "x gehi y ber bost " zela gogoratzen dut, eta polinomioa garatzea ez omen zitzaion matematikoegia iruditzen. Bere bizarra ukitzen ari zela, Atxurrik bapatean esan zion berak bazeukala bidea. Arregik begiratutakoan hasi zen donostiarra: "x ber bost gehi y ber bost eginez gero..."

Arregik, erantzun ordez, idazteari ekin zion. Xabierrek esandakoa arbelean jarri ondoren, "suspentso abtsolutua" idatzi zuen. Ez dut oroitzen baina, gainontzekoon artean algara ala isiltasuna izan zen nagusi ;-)

Orduko argazkirik ez, eta hau iruditu zait argigarri :-D




2010/01/04

Zerbait badiote gutaz...

Bai, adiskideok. Ekimenak lortu du oihartzun pitin bat dagoeneko, ea horrela garai hartako kide gehiago hurbiltzen zaigun. DEIA egunkariaren Bogando atalean eman du gure berri Iker Merodiok hilaren 31n (ez dago sarean momentuz); halaber, EITBren Aupatu webgunean ere agertu da, gazteleraz zein euskaraz. M@ken ekimenez. Seguruenik, lehenengo urrats hauek izango dute jarraipenik; adi beraz.

2010/01/03

Zeren zain zaude?



Begiratu duzu ezkerraldean dauden zerrendetan? Bertan nortzuk aritu ginen agertzen da.

Honez gero datuak baldin baditugu, X bat dago ezkerraldeko zutabean (edo gurutzea, dagoeneko ikaskidea hil bada). Bestela, ea urte berriarekin batera zerrenda osatzen dugun. Animo!