2010/12/29

Martxoaren 5eko bideoa

Kaixo lagunok,

hilabeteak joan zaizkigu aparteko albisterik gabe. Zuhaitzek hazte-prozesuan omen daude arboretumean eta ez dakigu bestelako topaketarik burutu den ospakizun-egunaren ondoren.

Baina, gabonetako oparia bailitzan, ostera ere  Jesus Mari Txurrukak ustegabeko atsegina eman digu: e-eguneko, hots, martxoaren 5eko bideo bat (are, You Tubera igotzeko gai izan da). Seguruenik, zeuen burua ikusteko modua izango duzue eta, besteak beste, diskurtsoak edota Edortak botatako bertsoa berriz entzutekoa.


2010/05/24

Loretzen hasita

 
Jesus Mari Txurrukak egindako jarraipenaren arabera, landatutakoetatik  zuhaitz bakarra loretu da oraingoz, hosto berri piloa emateaz batera. Ezetz asmatu norena izan den? Hemen duzue froga grafiko pare bat.

2010/04/16

"Euskal lobbya abian" ala "Bazkaltzaindia"?

Joan da hilabete Leioan berriz bildu ginenetik. Eta nire aldetik blog hau sortzerakoan nituen aurreikuspenak bete egin direla onartuko dut; are, gainditu egin direlakoan nago: 5.300 inguru bisitaldi izan ditu webguneak, dokumentuak deskargatu egin dira, oraindik orain hurbiltzen denik ere badago, zuengandik jasotako iruzkinak eta mezu pribatuak...


Aipatu nuen  bloga ez zela desagertuko, eta hala izango da. Baina, azken sarrera egin nuenetik hilabete t'erdi joan denez, nolabaiteko agurra egiteari egoki iritzi diot. Beharbada lanik zailena eginda dago: gutariko gehienon berri zehatza eta eguneratua lortu izana (nork zeukan orduan e-mailik?). Hemendik aurrera, gure esku egongo da, Txurrukak adierazi zuen bezala, "euskal lobbya" izango dugun abian ala, gutxienez, "bazkaltzaindiak" bilerak antolatuko dituen (nire belaunaldikoei oharra: hasi genueneko 25. urteurrena ez genuen ospatu, baina bi urte barru behintzat 30. hori ez dugu ahaztuko, ezta?)
Hortaz, ez adiorik!

PS Datu pertsonalak, helbide elektroniko eta telefonoak, ez ditugu plazaratu jakina. Hala ere, baina baten bat interesaturik badago eskatzea besterik ez dauka.


2010/03/30

Aitor Arangurenek ateratako bideo eta argazkiak

Oraingoz, hau da dugun azken ekarpena; gainera, argazkiak ezezik, bideo pare bat ere badago.

2010/03/11

Ekitaldiko argazki gehiago

Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunetik iritsiko zara bilduma hau ikustera; erreportaia "ofiziala" nolabait esateko.

"Helize aureoa"

Horrez gain, Lea Dorronsoro ikaskideak ere zintzilikatu ditu sarean berak ateratatakoak .

Eta ez ahaztu, zeuk ere zintzilikatu badituzu edo hori egiteko asmoa baduzu, elab etiketa baliatu  interesa duenak modu errazean aurkitu ahal izateko.

2010/03/08

Edorta Españak botatako bertsoa

Leioako Campuseko Arboretumean bilduta geundela, eta ohitura zaharrari jarraiki, hona hemen Edortak botatako bertsoa (doinua, Xabier Leteren "habanera")
Etxeparek zioenez
“euskara jalgi plazara”
ta Unibertsitatean
ho(r)ixe e(g)in genuen hara!
ikasturte oso batez
ikasi, juerga ta algara
baina gure arteko hizkuntza
beti izanez euskara
lehenengoak izan ginen
a zelako hotzikara!
irakasle ta ikasleok
batuta egun ta gaba
berriro e(g)ingo genuke
berriz egin behar bada
euskaldunak gara eta
hortik kontuak atara.

2010/03/06

Oihartzuna

Komunikabideetan izan du isla atzoko ekitaldiak; oraingoz, ABCn, Deian, Diario Vascon eta El Correon aurkitu ditut aipuak, gaztelera nagusi dela gainera. Hori bai, nire gustukoena Txurrukari Deian egin dioten elkarrizketa, nahiz eta "gizarte zientzietako irakasle" bezala bataiatu duten. Edonola ere, biba bulldozerra! (bide batez aipatu bere aurkezpena Interneten jartzeko eskatu niola)

Halaber, Radio Euskadiko Dani Alvarezek errektoreorde eta ikaskide ohi den Jon Irazustari egin zion elkarrizketa hemen duzu entzungai (gazteleraz); neuk ez ditut garaiak berak zioen bezain iskanbilatsuak ("tumultuoso" hitza erabili zuen) ez behintzat ingurua zegoena baino areago eta argi zegoen nahikoa planifikatua zegoela hasi ginenerako.

2010/03/05

Ekitaldiko lehendabiziko argazkiak


OHARRA
Baten batek bereak zintzilikatzen baditu, bidal dezala lotura ohiko helbidera.

2010/03/04

E egunaren aurretik, esker onez

Bazirudien ez zela helduko baina ospakizunaren atarian gaude: 25 ordu falta dira sarrera hau argitaratzean. Bihar izango dugu elkar agurtzeko aukera (goazenok, ehun eta piku guztira) eta dena delakoagatik falta direnak gogoratzekoa. Ekimenak, gainera, badu isla; besteak beste, Sustatu.com-en sarrera bat eskaini digute. Halaber, beste komunikabide batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan. Ez dut uste hasiera batean hainbeste espero zitekeenik; eta nork pentsa arboretumean helizea osatzeko hamahiru tona harri botako zituztenik!

Ez dakit azkenean eguraldiak lagunduko duen, txartelak irakurtzeko modukoak izango diren, zuhaitzak behar bezala landatzeko modua izango dugun,  hizlariek nolako trebezia erakutsiko duten, opariaren tamaina edota piskolabisaren zaporea. Edonola ere, zilegi bekit, bezperan behintzat, ekitaldia eta topaketa gauzatzeko lan gehien egin duenari eskerrak ematea; beste batzuk, laguntzaile baino ez gaitu izan. Agian sarrera honen ondoren haserretu egingo zait, edota sekta autodestruktiboaren kutsuko erretolikaren bat "jasan" beharko dut (kar kar). 

Ez dut zalantzarik, lagunok: bera gabe, seguruenik, ezer gutxi izango genuke biharkoan. Mila esker, Jesus Mari Txurruka, "antolaketa batzordeko buru jauna"

2010/03/03

81/82eko oroitzapenak

Gogoratzen al da 81/82ko belaunaldiko inor egun batean txakur bat izan genuela Joserra Etxebarriaren klasean adi-adi lehenengo lerroan eserita? Ez omen da legenda urbanoa, ez horixe: Ibone Amezagaren txakurra izan zen matrikula ordaindu gabe klasean entzule. Halaxe kontatu dit ugazabak:

"Etxebarriaren fisikako klasean Noski nire txakurra  lehen lerroan eserita egon zen; uste dut Todor eta Txulaika buru gogor jarri zirela eta han sartu zuten!. Egia esanda txakurra oso ondo portatu zen eta gu, ikasle guztiok, inoiz baino hobeto. Ez badut txarto gogoratzen Jose Ramonek baimena eman zigun baina zerbait txarto guk eginda...akabo!"
Halaber, badirudi euskal lerrokook partaidetza zuzena izan genuela egun hartan "medikuntza-kazetaritza" gudan. Ez dute argitu noren alde edo noren kontra, baina suhiltzaileen mangera atera "zen", antza. Hori bai, hurrengo urtean "jai" egun hori debekatu egin zen montatu zenaren ondoren ;-)

Eta futbol-partida bitxi bati buruz inor gogoratzen al da?

2010/02/28

Argazkiak

Jakin badakigu joan den mendean orain baino argazki gutxiago ateratzen zela. Hala ere, orduko argazkiren bat baduzu hor etxean gordeta, zergatik ez duzu eskaneatzen eta ondoren guri helarazi?

Argazkiekin lotuta, seguruenez kamara digitala izango duzu eta ostiralean Leioara eramateko asmoa. Ez legoke gaizki gero Interenetera igotzeko asmorik baduzu denon artean etiketa edo tag bat erabakitzea aurkitzeko errazagoa izan dadin. Proposamenik?

AZKENA
elab erabiltzea da erabakia.

2010/02/27

Historikoen ekarpena Historiari begira

Jakin badakit Arboretumean landatuko ditugun zuhaitzek osatuko duten irudia ikusgarria izango dela eta hor geratuko dela hurrengo belaunaldientzat; seguruenik, ostiraleko zenbait une ahaztezinak izango dira gutariko askorentzat eta garai hartako oroitzapenak berpiztu eta osatu egingo zaizkigula.

Hala ere, zuhaitzen informazioari erreparatuta, gehiena gazteleraz dagoela ikusi dut. Eta  aurrera begira gure beste ekarpenetako bat Wikipedian horrelako edukiak euskaratzea balitz? Zer deritzozue?

2010/02/26

Arboretumean landatuko ditugunak

Hona hemen datorren astean Leioako Campusean dagoen arboretumean landatuko ditugun zuhaitz motak espiral aureoaren irudiari jarraiki, baita nork egingo duen ere:

Jon Zulaikak aipatutako batzuen argazkiak igorri dizkigu, dagoeneko Euskal Herrira iritsi zaizkigunak hain zuzen.



2010/02/22

Elkar agurtzeko aholkuak, Txurrukaren eskutik

Zorioneko bakanen batzuk izan ezik, gainerako guztioi 30-25 urteko epean fenotipoa, “kanpoko itxura” biologoak ez zaretenok ez baduzue hitz horren esangura ezagutzen, dexente, asko ez esatearren, aldatu zaigu. 

Neskok, zeuen “gerrarako pinturekin” hornituta, Lourdes-eko Amak egiten dituenak baino mirari handiagoak egiten dituzten mirarizko produktu farmazeutikoen laguntzarekin eta une ezin aproposagoan ileapaindegira eginiko tindaketarako bisitarekin, hobeto disimulatzen duzue denboraren iragana. Mutilok, salbuespenak salbuespen, ajolagabeagoak eta, orohar, arlote eta alferragoak izan ohi gara “karrozeria” zaintzeko kontuekin.

Beraz, ekitaldira zatozen neska jator horrek, duela 30-25 urte ezagutu zenuen ile kixkurreko mutil bizardun argaltxo hura, gaur egun burusoil bizargabe tripahandidun bihurtuta aurkitzen baduzu, pentsatu arren, ez egiozu esan: “Kaixo XX! Ia-ia ez zaitut ezagutu! Hona hemen meloiek ilerik ez daukatenaren froga bizia!” Edo beste hau, “Zenbat gizondu den lehen mailan ezagutu nuen mutil hura!” Kontuz, neska. Subkonszienteak demasako pasadak egiten dizkigu. eta orduan, “Zenbat gizondu den ...” esan beharrean, mihiak ere bere askatasun-unetxoak dituenez, “Zenbat gizendu den ...” esatea deliberatzen du. Utikan horrelako agurrak! Burusoil eta lodi xamar topatzen bagaituzue, neskok, esaiguzue eztitsuki “ze kalba interesgarria geratu zaizun!” Edo “ze “pottolo” zauden”! Horrela t bikoitzarekin, bustidura maitakor horrekin, “ze potolo (lodi) zauden” pentsatzen bazabiltzate ere, guk, mutilok “ze potxolo zauden” ulertzen dugu, eta inork ez du txartzat hartzen “potxolo interesgarria” dela entzutea. 

Eta mutil jator horrek, lehen mailan ezagutu zenuen grabitate-indarraren erakarpenari muzin eginez dena hestu, tente eta bere lekuan zeukan poxpolin hura, mende laurdena baino gehiago pasata, petxuek horizontalari eutsi ezinik dauzkan ipurtzabal papadadun bihurtuta topatzen baduzu, ez egiozu esan, ezta ametsetan ere: Kaixo, XX! Normala da nik ia-ia ez ezagutzea! Zure ipumasailek antz handiago dute nire seme-alabek gelako paretan duten posterreko mapamundiaren hemisferioekin emakume baten atzealdearekin baino! Beno, beno! Zure ikaskide ohi bati halakorik esatea pentsatzea ere! Esaiozue gozokiro “Lehen mailan zeundenean baino emakume-kurba markatuagoak dituzu, ezta?” Ezti-mamitan urtuta utziko duzue.

2010/02/19

Periodikuak letuz ilustratzen gera (Amaia Sarasua)

Nik unibertsitatean eskolak hasi arte ez nuen jakin euskal lerroa egongo zenik ere, eta aukeran eskaini zidatenean, momentuan bertan eman nuen baiezkoa. Garbi neukan garai hartan, gu bezalakoak ez bagenuen pauso hori ematen ez zuela inork emango eta.

Aurreneko egunetan isil isilik egoten nintzen saioetan eta ez nintzen apenas ausartzen ikaskideekin ere hitzik egiten, uste nuelako denak ez-bazen gehienak, ikastoletatik etorritakoak zirela. Ni Azpeitiko institututik nentorren eta han dena gazteleraz ikasten genuen. Egia da neure aldetik euskaraz alfabetatuta nengoela garai hartako gaueskolei esker, baina hitz egiterakoan kosta egiten zitzaidan batueraz egitea.

Behin horrelaxe, irakaslearen zain geundela nire ondoko ikaskideari, bi aldiz pentsatu ondoren galdetu nion: Aizu mesedez, utziko didazu egunkaria? Eta berak, Zer?, errepikatu nion esaldia eta berak berriro: Zer?. Eta azkenean esan nion: hi, lagako al diek pixketien periodikue? Eta berak: bai hoixe! Horrela uxatu ziren nire kezkak, neu bezala beste batzuk ere bazeudela ikustean!

2010/02/16

Balsetxea, 30 urte beranduago

Hau da hau, lagunok! Lehengoan Edortak idatzitakoaren ildotik, ustekabe berria: Jesus Mari Txurruka, irakasle izan arren, 80ko udaran (79/80 kurtsoa amaitu eta gero, UEUren ostean) baltsa batean burututako esperientzia hartan tartean ibili zen (bere hitzetan, "harrituta,? beste batzuk ere hilabete batzuk gazteagoak izan ginen"); lehen belaunaldiko kide gehiago ere partaide izan zen; Andone Estonba eta Amaia Sarasua, hain zuzen. Argia aldizkarian horri buruzko erreportaia egin zuten orain dela urte batzuk, 25. urteurrenean.

Jesus Marik berak azaldu didan bezala, "duela 5 urte modan zegoenez ETB-1eko "Basetxea" programa, Josu Iztuetari bururatu zitzaion 25 urte lehenago bizi izandako experientzia hari "balsetxea" deitzea"  Eta hau agindu du: "Noiz edo noiz pasatuko ditut orduko diapoak formato informatikora" Eta emanaldi berezi bat prestatuko baligu?

Bitartean, eta aurrerapen gisa, argazki hau. Eta Jesus Mariren azalpena:
Bizkarrez, Andone Estonba eta aurrean ezkerretik eskumara Amaia Sarasua (aurpegia ilearekin estalita) eta Dina; hiru neskak lehen promoziokoak eta hilabete lehenagora arte nire ikasleak izandakoak. Hurrengoa ezetz asmatu ..., hurrengoa Mikel Agirreazkuenaga (Miren Agirreazkuenagaren (81-82 promoziokoa) neba), eta berna-zatiak soilik ikusten zaizkiona, Txus Arregi, Fisikaria, ez Jesus Mari Arregi, gure matematikari famatua.

Hor ikus daiteke zenbat toki geneukan. Lapiko asko baina janari gutxi.

2010/02/14

Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa

Urtarrilaren erdi aldera Jesus Mari Txurruka ("antolaketarako batzorde-burua") eta Miren Bego Urrutia (garai haietako ikasle ohia) elkarrizketatu zituzten Bizkaia Irratian; Asier Txakartegi ibili zen tartean.


Emanaldia zuzenean izan zenez, entzuteko modurik izan ez bazenuen, hemen duzu orain horretarako aukera.

Bide batez, bihoazkie gure eskerrik beroenak irrati horretako kideei; elkarrizketaren grabaketa helarazi baitugute.


2010/02/11

30 urteren buruan, berriz inauterietan (San Alberto Magnok bidalitakoa)

Argazki digitalik ez zegoen garaikoa da ikusgai dugun hau. Irudi‑eskubideak alde batera utzi, eta hemen duzue 79/80 ikasturteko taldearen argazkia. Ez gara denok agertzen bertan, baina oroigarri gisa balio lezake. Inauteri‑sasoikoa da, 1980ko martxoaren 21ekoa hain zuzen ere. Begi bistakoa denez, oso talde kulturanitza izan zen: Indiatik, Madrildik, Anbotoko kobetatik, Mexikotik, Argentinatik, Lantzetik, Txinatik, Arabia Sauditik eta beste hainbat lekutatik etorri ziren geurera ikastera. A! eta Pantxo Villa ikusi duzue? A ze bibote zatia!


2010/02/08

Martxoaren 5ean elkartuko gara

Botxotik Ziberespaziora blogean argitaratua

... Leioako Campusean "Euskal lerroak abian" deritzon ekimenean zerikusia dugun asko;  hala espero, behintzat. Egun horretantxe burutuko dira azken boladan egositako ospakizuna eta omenaldia. Baten baten lanari esker (hurrengo omenaldi baterako nire proposamena zein den argi dago), beste batzuen laguntzaz, orain dela 30 urte hasitako bideari begiratua emateko parada izango dugu; halaber, gogoratzeaz gain ziurrenik etorkizunera begiratzekoa ere bai.

Tartean, ustekabeak izan dira: laguntzeko prest azaldu direnak, jakin orduko erantzun dutenak, baina baita ardurarik txikienari uko egin diotenak ere. Aldi berean harrigarria bakanen batek ez duela ezer jakin nahi esan izana eta, bestetik, atzerrian bizi arren bertan azaltzeko ahaleginak eta bi egingo dutenak badaudela jakitea. 

Landatuko den zuhaitzetako bat: gingko biloba
Irudia, Wikimediatik hartutakoa da.

Garai hartako nire oroitzapenak, joan den mendean Leioan izenburupean aurkituko dituzu.



Veremos el próximo cinco de marzo si treinta años son nada o no, con el reencuentro de (esperemos) buena parte de quienes comenzamos en el siglo pasado el primer curso totalmente en euskera en la Facultad de Ciencias de la Universidad del País Vasco en Leioa, entre los años académicos 79/80 a la 84/85 en concreto. Si parece que fue ayer ;-)

2010/02/04

Kresaletik kresalera (Edorta España)

EUSKAL LERROAK ABIAN ekimenaren bidez, aukera izan dut nire ikaskide guztien zerrenda ikusi eta haietako batzuekin hitz egiteko. Baina bada bat, tamalez, pentsamenduz eta oroiminez baino ezin izan dudana gomutatu: Dina Bilbao Barruetabeña. 1997ko ekainean joan zen gure artetik, Karibeko itsasoan galduta.

Gogoan dut bera, irribarretsu eta alai. Mantso hitz egiten zidan —garai hartan behar nuen ulertu ahal izateko—. Oker ez banago, alde batera utzi zituen biologia‑ikasketak, eta handik aurrera bere patua izango zena urratzen hasi zen. Inon abenturazalea bazen, bera zen; ez izan dudarik.

Behin, UEUn geundela, esperientzia bat egitea otu zitzaien hango lagun batzuei: astebete edo eman baltsa batean Nafarroako urtegi batean. Eta hara joan zen gure Dina, beste lauzpabost lagunekin batera, gutxigorabehera 3m x 3m‑ko azalera zuen baltsa baten gainean astebetez edo bizitzera. Oroimenak traizionatzen ez banau, amaiera arte iraun zuen.

Eta handik aurrera, Laponia, Groenlandia, Nilo,... eta beste hainbat eta hainbat leku izan zuen abenturagune. Noiz eta 1997ko ekain malapartatu hura heldu arte. Ondarruko kresal artean jaio zen gure Dina, eta kresal artean ere joan zen mundu honetatik. Zauden lekuan zaudela, musu handi bat, Dina.


Eta Dina ekarri dut gogora, baina badira EUSKAL LERROAK osatu zituzten beste batzuk ere joan zaizkigunak: Jabi Goitia Elordi, José Luis Herrero García, Ramón Unzilla Aranberri, Joseba Koldobika Ortiz Jáuregui, Félix Unamuno Urkiza, Ane Gaminde Araluze. Barka inor ahaztu bazait.

2010/02/01

Ero edo (Edorta España)

79/80 ikasturte hartan, zientzietako euskal taldean, baginen euskaldun zaharrak eta berriak. Eta euskaldun berri gisa neraman hizkuntza “enlatatuak” talka egiten zuen ikasgelan entzuten zen hizkera bizi‑biziarekin.

Gure kimika‑irakaslea, Itziar, Berrizkoa zen, eta da, eta hark, noski, hango erara egiten zuen hitz. Egun batean, ez dakit zein motatako erreakzioa azaltzen ari zela, “ero” hitza bota zuen: “erreakzio hau ero beste hau”.

Neuk bai erotuta amaitu nuen egun hartan klasea. Orduko nire hizkuntza‑maila gainditzen zuen hizkera biziak, eta gainera, garai hartan ez neukan kontsonante oklusiboen artean dauden desplazamenduen berririk. Klasea amaitu zenean, ikaskide bati galdetu nion zer zela-eta “ero” behin eta berriro, eta hark azaldu zidan “ero” hori “edo” zela. Beste behin ere GLUP egin behar izan nuen.

2010/01/29

Arregiren zahartze-prozesua (Txurrukaren hitzetan)

Jesus Mari Arregi dugu pasadizoen iturri sarritan txoko honetan. Neuk, behintzat, bizar zuriz eta neguan txapelaz gogoratzen dut. Beraz, omenaldien garaia iritsita,  honez gero jubilatua egongo zelakoan nengoen. Baina, ez omen da horrela. Beste Jesus Mari batek, Txurrukak alegia, uste ustel honen zergatiaren arrazoi zientifikoa eman dit ;-)

"Arregiren zahartze-prozesua, bere fenotipoaren arabera, asintotikoa izan ei da" (asintota berez grekeratik dator, ἀσύμπτωτος — asýmptōtos— "erortzen ez dena")


Bestela esanda, orain dela 30 urte inguru zuen itxura mantentzen du gutxi gora behera eta garai hartan , gainera, uste baino gazteagoa zen benetan. Antza, zahar itxurara arinago helduta ere hor eusten dio mailari.

Zalantza pare bat. Ez dut argi Leioako Zientzi Fakultatearen eragina genotipoan. Eta azkena momentuz; ez didate argitu oraindik "suspentso abtsolutuak" jartzeko joera duen, edota berori asintotikoa edo esponentziala den :-D

Edonola ere, Txurrukaren hitzetan berak 26 urte eta hilabeteak baino ez ditu (hamaika hilabete jartzera nindoan, bostehun eta piku izan daitezkeen arren)

Irudia, Wikimedia Commons-etik hartua.

2010/01/25

Joserra Etxebarriaren aspaldiko argazki famatua testuinguratzen

Argazkia lortu genuen eta Joserrari azalpena emateko eskatu diogu. Hona hemen berak idatzitakoa.



"Adolfo Suarezek, sasoi hartan Espainiako presidentea zenak, berari egindako galdera bati erantzutean (euskararen erabilerari buruzkoa nonbait) esan zuen, gutxi gora behera, ezinezkoa zela Kimika Nuklearra euskaraz lantzea. Nonbaiten erantzun nion bi gauza baino ez zirela behar horretarako, euskara jakitea eta Fisika Nuklearra jakitea.

Testuinguru horretan Lan Kide Aurrezkiak (orduan horixe zen Caja Laboral Popular erakundearen izena euskaraz) kanpaina publizitario bat abiatu zuen, euskara edozein arlotan erabiltzen bultzatzeko. Nitaz gogoratu ziren.

Izan ere, ordurako normal-normal ematen genituen euskaraz Fisikazko klaseak, baita zentral nuklearrei buruzko hitzaldiak ere; Lemoizko zentralaren inguruko eztabaida puri-purian baitzegoen."

2010/01/23

Martxoaren 5ean, lagunok

Fumata zuria dagoeneko. Martxoaren 5an, goizeko 10etatik aurrera burutuko da ekitaldi / omenaldia Leioako campusean, arboretum-etik hasita, Aula Magnatik pasata eta beste nonbait bukatuta.

Joan agendetan toki egiten. Ez da huts egitea onartuko!

2010/01/22

Kutsidazu bidea, Ixabel (Edorta España)

Joxean Sagastizabalek “Kutsidazu bidea, Ixabel” eleberri umoretsua idatzi baino 15 urte lehenago ere, euskaldun berrioi horrelakoak gertatzen zitzaizkigun Leioako Zientzi Fakultatean.

Egun batean, klaseen arteko atsedenaldian geundela, Joxean ikaskideak —ondarrutarra bera— behin eta berriro esaten zuen esaldi bera: “Ondarrun morun”. Eta nik, jakinminez eta ulertu ezinez, inozo‑inozo galdetu nion: ”aizu, Joxean. Zer da, bada, “Ondarrun morun” hori? Ondarrun moro bat dagoela?” Haiexek izan ziren barre‑algarak han entzun zirenak!

2010/01/18

"Euskal lerroak abian" Euskadi Irratian

Zuzenean entzuteko modurik izan ez baduzu, hona hemen bigarren aukera.
Argazkian Joserra Etxebarria eta Jesus Mari Txurruka.




2010/01/16

Jesus Mari Txurruka eta bareak


Gogoan al duzue lotura hori, Txurruka eta bareena alegia? Hara zer aurkitu dudan  Internetetik saltseatzen:  Gara egunkarian argitaraturiko artikulu hau (argazkia ere bertakoa da)  Beraz, guri klase ematen hasi aurretiko "zaletasuna" omen da.

Egongo ote da munduan bareei buruz gehiago dakienik? ;-)

2010/01/13

Astelehenean, Euskadi Irratian

Zertan gabiltzan jakiteko eta zertan genbiltzan gogoratzeko irakurri ordez entzun nahi baduzu, datorren astelehenean, hilak 18, ez galdu bostetatik aurrera Euskadi Irratian "Arratsaldekoa" saioa.

Irakakasle ohi batek esan didanaren arabera, zerrenda pasatzeko asmoa du ;-)

2010/01/12

Jaun Baruak usoak harrapatzeko erabili zuen xedera (Iñigo Gomez)

Gaurkoan Iñigok dakar Arregiri buruzko beste pasadizo bat. Ez dakit matematika ikasiko genuen, baina etorkizunerako kontu ugari utzi zigun irakasle honek :-D

"Behin kurbei istorioren bat zegokigun eta xedera hitza atara zuen Arregi xelebre honek. Nik edo beste iletradu batek hitz horrek zer adierazi nahi zuen galdetzerakoan, irakasleak esaldi hori bota zuen. Eta gero noski abestiaren musikarekin jarraitu zuen."

2010/01/10

Eta hantxe izan gara

Honen data bitxian, 10-01-10, eta 10.10etatik aurrera gainera, Onda Vascan  egon gara Jesus Mari eta biok, Itsaso Güemesekin ekimenari eta garai haietako pasadizoei buruz berriketan, ea ez den inor geratzen berri izan gabe.




2010/01/07

Zero biderkatzailearen aplikazio praktikoa

Ninbe Arrartek gogoratutakoarekin bat datorren pasadizoa. Protagonistetako bat, Jesus Mari Arregi; bigarrena, Xabier Azurmendi ikaskidea, Atxurri ezizena zuena.

Arbelaren aurrean zegoen Arregi, integral baten ebazpenaren bila. "x gehi y ber bost " zela gogoratzen dut, eta polinomioa garatzea ez omen zitzaion matematikoegia iruditzen. Bere bizarra ukitzen ari zela, Atxurrik bapatean esan zion berak bazeukala bidea. Arregik begiratutakoan hasi zen donostiarra: "x ber bost gehi y ber bost eginez gero..."

Arregik, erantzun ordez, idazteari ekin zion. Xabierrek esandakoa arbelean jarri ondoren, "suspentso abtsolutua" idatzi zuen. Ez dut oroitzen baina, gainontzekoon artean algara ala isiltasuna izan zen nagusi ;-)

Orduko argazkirik ez, eta hau iruditu zait argigarri :-D




2010/01/04

Zerbait badiote gutaz...

Bai, adiskideok. Ekimenak lortu du oihartzun pitin bat dagoeneko, ea horrela garai hartako kide gehiago hurbiltzen zaigun. DEIA egunkariaren Bogando atalean eman du gure berri Iker Merodiok hilaren 31n (ez dago sarean momentuz); halaber, EITBren Aupatu webgunean ere agertu da, gazteleraz zein euskaraz. M@ken ekimenez. Seguruenik, lehenengo urrats hauek izango dute jarraipenik; adi beraz.

2010/01/03

Zeren zain zaude?



Begiratu duzu ezkerraldean dauden zerrendetan? Bertan nortzuk aritu ginen agertzen da.

Honez gero datuak baldin baditugu, X bat dago ezkerraldeko zutabean (edo gurutzea, dagoeneko ikaskidea hil bada). Bestela, ea urte berriarekin batera zerrenda osatzen dugun. Animo!