Ospakizuna eta omenaldia

Jesus Mari Txurrukak 2010eko otsailaren hasieran bidalitakoa

Idazki honen izenburak iradokitzen duenez, egun horretako ekitaldia bi ataletan egongo da banatuta.

Lehenean, "ospakizuna" deritzogun horretan, Zientzi Fakultateko lehen mailatik pasatutako ikasleak, eta beraien irakasleak, izango dira protagonistak. Goizeko 10etan hasiko da eta, gehien bat, arboretum-ean burutuko da. Zientzialarien ganorazko bilera oro hasten den moduan hasiko dugu ospakizun-ekitaldia, alegia, "dokumentazio-banaketarekin".


Zientzia eta Teknologia Fakultateko sarrera nagusitik, hots “erdiko atetik”, sartu bezain laster, mahai batekin egingo duzue topo. Bertan, zientzialarien ganorazko bilera guztietan egiten den moduan, identifikazio-txarteltxo bat emango zaizue, papar inguruan ipin ezazuen. Bertan idatzita egongo dira zeuen izen-deiturak eta promozioa, elkar ezagut dezazuen. Zorioneko bakanen batzuk izan ezik, gainerako guztioi 30-25 urteko epean fenotipoa, “kanpoko itxura” biologoak ez zaretenok ez baduzue hitz horren esangura ezagutzen, dexente, asko ez esatearren, aldatu zaigu. Neskok, zeuen “gerrarako pinturekin” hornituta, Lourdes-eko Amak egiten dituenak baino mirari handiagoak egiten dituzten mirarizko produktu farmazeutikoen laguntzarekin eta une ezin aproposagoan ileapaindegira eginiko tindaketarako bisitarekin, hobeto disimulatzen duzue denboraren iragana. Mutilok, salbuespenak salbuespen, ajolagabeagoak eta, orohar, arlote eta alferragoak izan ohi gara “karrozeria” zaintzeko kontuekin. Beraz, ekitaldira zatozen neska jator horrek, duela 30-25 urte ezagutu zenuen ile kixkurreko mutil bizardun argaltxo hura, gaur egun burusoil bizargabe tripahandidun bihurtuta aurkitzen baduzu, pentsatu arren, ez egiozu esan: “Kaixo XX! Ia-ia ez zaitut ezagutu! Hona hemen meloiek ilerik ez daukatenaren froga bizia!” Edo beste hau, “Zenbat gizondu den lehen mailan ezagutu nuen mutil hura!” Kontuz, neska. Subkonszienteak demasako pasadak egiten dizkigu. eta orduan, “Zenbat gizondu den ...” esan beharrean, mihiak ere bere askatasun-unetxoak dituenez, “Zenbat gizendu den ...” esatea deliberatzen du. Utikan horrelako agurrak! Burusoil eta lodi xamar topatzen bagaituzue, neskok, esaiguzue eztitsuki “ze kalba interesgarria geratu zaizun!” Edo “ze “pottolo” zauden”! Horrela t bikoitzarekin, bustidura maitakor horrekin, “ze potolo (lodi) zauden” pentsatzen bazabiltzate ere, guk, mutilok “ze potxolo zauden” ulertzen dugu, eta inork ez du txartzat hartzen “potxolo interesgarria” dela entzutea. Eta mutil jator horrek, lehen mailan ezagutu zenuen grabitate-indarraren erakarpenari muzin eginez dena hestu, tente eta bere lekuan zeukan poxpolin hura, mende laurdena baino gehiago pasata, petxuek horizontalari eutsi ezinik dauzkan ipurtzabal papadadun bihurtuta topatzen baduzu, ez egiozu esan, ezta ametsetan ere: Kaixo, XX! Normala da nik ia-ia ez ezagutzea! Zure ipumasailek antz handiago dute nire seme-alabek gelako paretan duten posterreko mapamundiaren hemisferioekin emakume baten atzealdearekin baino! Beno, beno! Zure ikaskide ohi bati halakorik esatea pentsatzea ere! Esaiozue gozokiro “Lehen mailan zeundenean baino emakume-kurba markatuagoak dituzu, ezta?” Ezti-mamitan urtuta utziko duzue.

Elkarri loreak, ez, arren, lore-ontziak, bota ostean, Fakultatea erdiko karrajutik zeharkatuko duzue eta Fakultatearen atze-aldean dagoen arboretum-erantz abiatuko zarete. Behar diren erregute (edo “errogatibak”) egin iezaizkiozue zuen deboziozko sainduari, klarisei arrautzak eraman edo nahi duzuena egin dezazue egun horretan eguraldi ona eduki dezagun! Primerako eguraldia ziurtatuta edukiko dugunez, hortaz, kanpora irten eta Lertutxeko urtegirantz, beherantz beraz, abia zaitezte; oso gertu eta ageri-agerian dagoenez zuhaitzak landatzeko tokia, ez zarete galduko. Etorriko zaretenokin, ikasturteka-edo, taldeak eginda egongo dira eta bakoitzak jakingo du zein den landatuko duen zuhaitza, kurtsoko lagunekin beti ere. Otsaila amaieran zehaztuko ditugu landaketa-taldeak, ospakizunera etortzeko asmoa erakutsi duzuenokin.

Irakasle eta ikasleen artean 14 zuhaitz landatuko ditugu. Ospakizunak kutsu ludikoa edukiko du, baina zientzialarien ganorazko bilera guztietan egiten den moduan, protokolo bat jarraituko da. Ohi denez, hasieran “agintari-ren” batek, zehazteke dago nork, zerbait esango digu oroigarri gisa eraikiko den monolito txiki baten ondoan eta berehala ekingo diogu zuhaitz-landaketari.

Oroigarria biraketa-zentrutzat hartuta, lurrean espiral bat irudikatuta egongo da. Dakizuen bezala, espirala da kurba ireki bat etengabe erradioa handitzen zaiona, eta beraz, bira bakoitzean hedadura handiagoa hartzen duena. Horrela irudikatu nahi da duela 30 urte hasi zen experientzia txiki hura denboran zehar hedatuz eta hedatuz joan dela, eta are gehiago hedatuko dela etorkizunean, infinituraino baino haratago. Zuetariko asko irakaskuntzan ari zaretenez, argi dago zuengan erein genuen haziak askoz ere hazi gehiago eman dituen zuhaitza bilakatu dela. Beste gauza batzuren artean, horregatik aukeratu ditugu landare guztien artean landare hazidunak arboretum-ean landatzeko, haziak emateak daukan sinbologia horregatik.

Espiral horretan zuhaitzak lerro ebolutibo baten arabera egongo dira ordenatuta, zaharrenetik (Ginkgophyta) hasi eta ebolutiboki berrienak diren eukotiledoneo batekin amaitzeko. Zergatik, baina, landatuko ditugu zehazki horiek eta ez beste batzuk? Irizpide batzuen arabera izan dira aukeratuak. Lehena, eta oinarrizkoena, landatuak izango diren zuhaitzek hemengo ohiko negua jasateko ahalmena edukitzea. Dakikezuenez, landare batzuk ez dute izozterik jasaten eta bizirauteko tenperatura minimo aski altuak dituzte. Esate baterako, landare hazidun primitiboenak diren zikadofitek jasan dezaketen tenperatura baxuena 10-13 ºC-koa da. Horregatik ez ditugu landatuko, ez luketelako lehen negua gaindituko. Bigarrena, hau ere oinarrizkoa, komertzialki eskuratu ahal izatea, hau da, erosi ahal izatea eta arrazoizko denbora batean (bizpahiru aste) eskuratzea. Hirugarren arrazoia sinbolikoagoa da. Denok dakizuen moduan euskara hizkuntza pre-indoeuroparra da. Behinola hizkuntza preindoeuroparrek azalera oso handia hartzen zuten, baina hizkuntza indoeuroparrekin lehian hedadura galtzen joan ziren, eta, gaur egun, Europan euskara da, hizkuntza indoeuroparrez inguratuta, irla bezala, hizkuntza erreliktiko modura, desagertzera bultzatzen duten indarrei aurre eginez bizirik irautea lortu duen hizkuntza preindoeuropar bakarra. Guk landatuko ditugun zuhaitzetariko batzuk espezie erreliktikoak dira, fosil biziak deritzenak, edota, euskararen antzera, desagertzeko arriskuan daudenak. Mota honetakoak dira behean duzuen zerrenda horretan dauden lehen hiruak: Ginkgo biloba, Wollemia nobilis, eta Pinus armandii.

Beste batzuk ez daude oraingoz desagertzeko arriskuan baina munduan zehar naturan oso leku gutxitan aurki daitezke: Horrelakoak dira gainerako guztiak, batzuk lorezaintza komertzialari esker munduan zehar artifizialki eta beti gizakiaren eskutik asko hedatu badira ere, Magnolia grandiflora esate baterako. Baina unibertsitarioak garen, edo izan garen, neurrian, unibertsalak ere izan behar dugu. Horrexegatik, zuhaitz-espezie bakoitzaren jatorria eta gaur egungo hedadura oso mugatuak izan arren, bost kontinenteetariko bakoitzak badu bere ordezkaria guk landatuko dugun zuhaitz-bilduma horretan. Justu kontrara, munduko bost kontinenteetariko bakoitzean badago irlatxo preindoeuropar modura definitu dugun euskal hizkuntza honi eusten dion populazioaren ordezkari-multzoa. Mundua arboretum-era ekarriko dugu arboretum-ean hitz egingo den hizkuntza mundu osoan zehar hedatzen den bitartean.

Euskaldunen artean badago zientzia unibertsalari ekarpen handiak egin dizkionik. Ezingo ditugu denak aipatu. Badago bat, baina, landareen munduan bere izen-deiturarekin arrasto oso sakona utzi duena, Ezpeletako lapurtar bat, Armand David izeneko misiolaria, zientziarentzat panda ezaguna egin zuena. Bere omenez zuhaitz-genero batek Davidia izena darama eta izen espezifiko moduan armandii edo davidii daramaten landare-espezieak kontaezinak dira; beno, agian, “kontaezina” adjektiboa exageratu samarra da eta “eskandaluzko espezie-kopurua” esatera mugatu behar nintzen, hala nola Buddleja davidii, Acer davidii, ... eta horien artean guk landatuko ditugun Pinus armandii (David-en pinua moduan ezagutzen dena) eta Davidia involucrata.

Euskaldunok bost kontinenteetan barrena ibili bagara, eta ibili bagabiltza ere, Hego Amerika da, dudarik gabe, euskal diasporaren kokaleku garrantzitsuena, eta bertako herrien artean Argentina izan da kopuru handienean hartu gaituena. Argentina eta Uruguaiko panpetan du jatorria landatuko dugun azken zuhaitzak, onbuak alegia. Iparragirre ezagunaz gain, Argentinan bertan bizi izan zen, eta hil zen, Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarra; aurtengo maiatzaren zazpian beteko dira ehun urte Argentinan hil zela, gure ospakizuna eta bi hilabetera hain zuzen ere ospatuko dute Zizurkilen bere heriotzaren mendeurrena. Jaioterriko haritza eta bizilekuko onbua hartzen ditu gaitzat “Amerikako panpetan” izeneko bere bertso ezagun batean, hemen hain zuzen ere

Amerikako panpetan
Euskal-Erriko lur maite artan

Jayo nintzan baserriyan,

Itzal aundiko intxaur arbol bat

Dago gure atariyan:

Aren ondotik irten da noiznai

Maldako gaztañariyan.

Edo, sagarrik onenak jaten

Luberriko sagastiyan,

Arbol tartian bizitu nintzan

Gazte denbora guziyan.



Denak utzi ta etorri nintzan,

¡Lur au ikusi nai nuan!

Aritz tantayak, pago lerdenak,

¡Nola ez izan goguan!

Oraiñ arzantzan Ameriketan,

Arrantxo baten onduan,

Eguna pasa larrian eta

Jiratzen naizen orduan,

Nere begiyak gozatzen dira

Aldameneko ombú-an.



Ainbestoraño tristetutzen naiz

Eremu zabal oyetan,

Arbolak, mendi eta errekak

Falta diran zelayetan,

Non etorri ta eseritzean

Ombú-tzar onen zañetan,

Edo igo ta osto tartian

Bere adar bikañetan

¡Ene! ¡Amatxo! Nik nola esan

Zenbat gozatutzen detan!



Txabol ondoko ombú laztana,

Maitatzen zaitut gogotik

Eta biyotza erdibitzen zait

Joatian zure ondotik,

Nere burura ekartzen dezun

Oroimen gozuagatik.

Zure itxura nai det ikusi

Ez dizut eskatzen frutik

Ni emen bizi naizen artian

¡Arren! ¡egon zaite zutik!



Nere lagunik maitatuena

Ombú laztana, zu zera,

Argatik nator zure kolkora,

Ni malkuak isurtzera,

Iduriturik naramazula

Atariko intxaurpera...

Beti izango zaitut, goguan,

Bañan joan nai det ostera,

Euskal-lurreko arbolpe artan

Nere ezurrak uztera.

Diasporako Felix Garci-Arce izenekoak ere haritza eta onbuaren omenez kantu ezaguna idatzi zuen. Abesbatzen zaleak bazarete, seguru nago ondoko hau ezagutzen duzuela

El roble y el ombú



Viejo Arbol de Gernika

que al vasco ofreces

tu sombra grata

cunde en las bellas playas del Plata

tu alta virtud

Y haz que este pueblo hermoso

que por sus hechos al mundo asombra

reciba siempre tu misma sombra bajo el ombù.

Cuando en la pampa quiero pensar

Patria querida en tì

la vidalita suelo cantar

porque te siento asì.

Por eso mis zortzikos

tienen sabor de pampa

mis lánguidas endechas

me las inspiras tù

Y en tan grata armonìa

siento tranquila el alma

Porque te canto siempre

siempre bajo el ombù ".
Arboretum-eko gure landaketa-lekua haritzen artean dagoen soilune bat da. Euskaldunontzat sakratua izan zen zuhaitz horiez inguraturiko seaskan, “mintegian” aproposago litzateke landareetaz ari baikara, landatuko ditugu gure ospakizunaren muina diren zuhaitzak. Beraz, gure espiralaren muturrean azken zuhaitza Phytolacca dioica, onbua alegia, izateak, haritzetatik hurbilen geratuko den zuhaitza onbua izateak, haritzek eta onbuak elkarrerantz adarrak hedatzeak eta, agian, etorkizunean bataren eta besteen adarrak elkar ukitzeak badu bere sinbolismoa. Nik hala ikusten dut bederen.

Landare hazidunen bide ebolutiboan emaniko urrats garrantzitsu guztiek dute ordezkariren bat gure irudi espiral horretan, bost kontinenteetatik ekarri ditugu, eta, aldi berean, beren txokotxoetan bada ere, bizirik irautea lortu duten zuhaitzak dira. Abegi ezin hobea egingo diegu gure arboretum-eko lur gozoan.

Behean doakizue zuhaitz-zerrenda. Espeziearen izena interneteko edozein bilatzailetan sartuta aurkituko dituzue bakoitzaren ezaugarriak, gehienak Wikipedian bertan. Oraingoz, soilik lehen zuhaitz bien landaketak daude esleituta, irakasleoi dagozkigunak, gure presentzia, okerrik ez bada, ziurtatuta baitago. Goraxeago azaldu dizuedanez, behin betiko landaketa-taldeak otsailaren amaieran antolatuko ditugu, etortzeko asmoa azaldu duzuenon artean.

1.- Ginkgo biloba. Nire proposamenaren arabera hau izango litzateke Goio Monrealek, Pedro Miguel Etxenikek, Jacinto Iturbek, Juan Igncio Perezek eta, nahi badu, Jon Irazustak landatuko duten zuhaitza.
2.- Wollemia nobilis. Nire proposamenaren arabera hau izango litzateke orain dela 30 urte euskaraz irakasten hasi ginen 6 irakasleok sartuko genukeena.

Hemendik aurrerako zuhaitzak zuek ikasle-ohiok landatuko dituzue.
3.- Pinus armandii
4.- Pseudolarix amabilis
5.- Sequoiadendron giganteum
6.- Peumus boldus
7.- Magnolia grandiflora, “Exmouth” barietatekoa.
8.- Phoenix theophrasti
9.- Davidia involucrata
10.- Phytolacca dioica

Utz ezazue idatzita zuen testamentuan zeuen errautsak, nonbait zabaltzekotan, zuek egun horretan landatutako zuhaitzaren oinean zabal ditzatela, sustraiek zurgatuko baitzaituzte, eta modu horretan beste bizitza bat izango duzue, desberdina, landare baten parte gisa, baina gizaki moduan izan duzuen bizitza baino luzeagoa. Horrela egiten baduzue, bizitzeko bigarren aukera hori segurua eta zientifikoki frogatua da; erlijioek prometitzen dutena, aldiz, auskalokoa.

11.30etarako zuhaitz-landaketa amaituta egon beharko da.

Bigarren zatian, dena eta Aula Magnan egingo dena, errektoregokoek "omenaldia" deitu duten horretan, unibertsitate osoak hartuko du parte, hau da komunitate unibertsitario osoa izango da gonbidatua "gure" omenaldira. Hau da, hasierako urte haietako ikasle eta irakasleak "omenduak" izango "omen" gara. Nik dakidanez, ekitaldi akademiko formala izango da, 12etan hasiko da, Leioako Aula Magnan burutuko da eta zenbait "hitzaldtxoz" osatuta egongo da. Ez dakidanez halakoetan protokoloa nola den, baliteke ordena beste bat izatea, baina gutxi gora behera ondoko hauek hitz egingo dugu:

- Errektoreak (edo euskarako errektoreordeak?)
- Karmele Artetxek. Neska hau historialaria da eta bere tesia otsailaren 19an defendatuko du. Tesiko kapitulu berezi bat dauka Zientzi Fakultateko euskal lerroen garapenari buruz, oso prozesu berezia izan bitzen.
- Nik neuk sasoi hartako irakasleen izenean. Zenbateko denbora daukadan esango didatela espero dut.
- Enrique Zuazuak eta Edorta Españak. 1979-80 ikasturtean ikaskideak izan ziren lehen mailan. Ikasle-sasoiko oroitzapenak-edo kontatzeko eskatuko zaiela uste dut. Ea errektoregokoek zer esaten diguten.
- Goio Monrealek, sasoi hartako Antolakuntza Akademikoko errektoreordea zenak, berak lortu baitzituen lehen kontratuak lerro elebidunak abian jartzeko.
- Omenaldian ez dakit unibertsitateko harmarria duen "pin"-en bat edo beste antzeko oroigarriren bat emango diguten. Unibertsitateak ez omen du dirurik ...
- Errektoreak itxiko du ekitaldia

Ekitaldi honek ordu bete edo ordu bete t'erdi iraungo du.

Ostean, last but not least, piskolabisa. Ordu bietan-edo. Hortik aurrerakoak zuen autoantolakuntzaren esku geratuko dira.

Oraingoz besterik ez. Hurrengora arte,



Jesus Mari