2015/11/16

Kiribilaren airetiko ikuspegia

Denbora aurrera doa, adiskideok. Urte t'erdi pasatxo berririk eman gabe baina berriz ere hemen gaude. Honatx Jesus Mari Txurrukak igorritako argazkia; bertan dugu Euskal lerroen kiribilaren airetiko ikuspegia. 


2014/01/12

Dina Bilbaoren biografia

Aspaldiko partez, hemen gaude berriz, lagun hori. Orain arteko ibilbidean, behin baino gehiagotan agertu da txoko honetatik Dina Bilbao. 

Gaur jakin dut  Nagore Salaberriak Ondarruko Udalaren babesean idatzi duen Dinaren biografiaren bi ale zozketatuko dituela datorren igandean Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioak.

Hiru bide daude zozketan parte hartzeko: 
  • Facebooken atsegin dut-i eman
  • whatsapean Dina eta izen abizenak jarrita mezua bidali 688666000 zenbakira 
  • eta/edo twitterrean #dina traola erabilita,


2013/05/19

Illiciuma, aurrera sendo

Begira zein polita dagoen gure belaunaldiak landatutako zuhaiska!!!! San Isidro egunean hurbildu zen arboretumera Jesus Mari Txurruka zuhaiztei ongarria ematera eta, bide batez, argazkia atera zion. 



Egia da bigarren topaketa bat antolatzeke dugula (beste 25 urte beharko ditugu ala?), baina, horrez gain, gutako zenbat hurbildu gara berriz landatutakoak ikustera? Animo lagunok!

2012/12/03

Arboretuma 2012ko urrian

Jesus Mari Txurrukak egiten du arboretumaren hurbileko jarraipena... eta zaintza. Eta Leioko campusera, dena delakoagatik, hurbiltzeko arazorik izan baduzu, hona hemen berak ateratako argazkien bidezko testigantza.


Hori bai, batzuk urruti bizi arren espiral famatua bisitatzeko aukera ez dute galtzen, ezta Itziar? ;-)

 EGUNERATZEA (13/01/10)

Jesus Mariren azalpenak

Eskala gisa, zuhaitzaren altueraren arabera, argazkietan aitzurtxo bat ipini dut (80 cm-ko luzerakoa) edo makila luze bat (175 cm-koa). Altueran txapelduna, nola ez, sekuoia (2,5 metrotik gora). Nothofagusa sartu zenutenok (1984-85 ikasturteko Biologo, Geologo eta Kimikarien promoziokoak) ez duzue zuen zuhaitzaren argazkirik aurkituko, iaz ihartu zelako, baina, lasai, eskatuta daukagu ordezkoa, hurrengo udaberrian ipintzeko. Magnolioak lore ikaragarri handi eta politak eman behar zituen (ikus argazkietan lore-begiak), baina ni baino adiago egon zen esku beltzeko p_t_kume (bete zuek hutsuneak nahi dituzuen bokalekin) batek eraman zituen, garbi-garbi cutter edo labaina batekin moztuta, nik argazkiak atera baino lehen. Ea aurten magnolioaren loreak ikusteko aukera daukagun... Google Earth-ekoek oraindik ez dituztenez Leioako campuseko argazkiak berritu, ezin dugu gure espirala zerutik ikusi, baina hori ere halako batean iritsiko da. 

2012/10/19

Espirala da, ez helizea

Hau sorpresa! Orain artean beti helize aureoa gora eta behera, baina gure kide den Itziar Aretxagak espirala deitu zion, eta Jesus Marik halaxe dela. Hona hemen bere azalpena:

Itziarri eman behar diot arrazoia. Nola ez diot, bada, gai honetan fisikari bati arrazoia emango... "Helize" aureoa deitu banion lapsus linguae (esan banuen) edo lapsus calami (idatzi banuen) bat izan zen. Espiral batean hasiera-puntutik urrundu ahala kurbaren erradioa handituz doa. Helize batean, aldiz, erradioaren neurriak beti berdin irauten du. Lehenengoa da kono baten erpinetik hasita, higidura zirkularra eginez erpinetik urruntzen zarenean eratzen duzun figura. Helizea, berriz, zilindro baten ingurumarian oinarri batetik bestera higidura zirkularra eginez zoazenean eratzen duzun figura geometrikoa. Oker ez banago "kiribila" euskal hitzak helizearen eta espiralaren eremu semantiko biak estaltzen ditu eta agian hortik dator nire nahaste mentala. Gure espirala "aureoa" da, "proportzio aureoa" duen errektangelu batean intsertatuta dagoelako. Peractum est.
Hala bedi! Edozelan ere, joan zara zeure landarea zuzenean ikustera? Ez dakit, ba, zeren zain zauden. Bestela, bisitaldi orokorra antolatu beharko, ezta Jesus Mari?

2012/01/12

Nola daude helize aureoraren osagaiak?

Batek baino gehiagok pentsatu du, eta baita galdetu ere, zein den 2010eko apirilean landatutakoen egoera. Jesus Mari Txurruka, nor bestela, hurbil-hurbiletik dabil landareen prozesuaren atzetik, eta, aurrekoetan bezala, argazkien bitartez berri eman digu; bi unetan gainera.

2011ko maiatzean



2011ko irailean


Falta direnei buruzko informazioa (inor haserretu ez dadin):
"Zuhaitz batzuk falta dira. Maiatzean 1, 5 eta 11. Lehena, Cyca revoluta, uztailean bigarren aldiz ohostu zutelako eta 11.a, Notofagus antarctica, ekaineko igande bateko bero zakar batek hil zuelako (hurrengo egunean, astelehen goizeko 8.30etan mangerarekin ura botatzen nenbilen, baian alperrik). 5.a, Pseudolarix amabilis, zeharo mugituta atera zitzaidalako. Irailean lehena eta hamaikagarrena, emandako arrazoiengatik."

Eta argitzeko puntu bat: aitzurraren kirtenak 80 cm. ditu.

2010/12/29

Martxoaren 5eko bideoa

Kaixo lagunok,

hilabeteak joan zaizkigu aparteko albisterik gabe. Zuhaitzek hazte-prozesuan omen daude arboretumean eta ez dakigu bestelako topaketarik burutu den ospakizun-egunaren ondoren.

Baina, gabonetako oparia bailitzan, ostera ere  Jesus Mari Txurrukak ustegabeko atsegina eman digu: e-eguneko, hots, martxoaren 5eko bideo bat (are, You Tubera igotzeko gai izan da). Seguruenik, zeuen burua ikusteko modua izango duzue eta, besteak beste, diskurtsoak edota Edortak botatako bertsoa berriz entzutekoa.


2010/05/24

Loretzen hasita

 
Jesus Mari Txurrukak egindako jarraipenaren arabera, landatutakoetatik  zuhaitz bakarra loretu da oraingoz, hosto berri piloa emateaz batera. Ezetz asmatu norena izan den? Hemen duzue froga grafiko pare bat.

2010/04/16

"Euskal lobbya abian" ala "Bazkaltzaindia"?

Joan da hilabete Leioan berriz bildu ginenetik. Eta nire aldetik blog hau sortzerakoan nituen aurreikuspenak bete egin direla onartuko dut; are, gainditu egin direlakoan nago: 5.300 inguru bisitaldi izan ditu webguneak, dokumentuak deskargatu egin dira, oraindik orain hurbiltzen denik ere badago, zuengandik jasotako iruzkinak eta mezu pribatuak...


Aipatu nuen  bloga ez zela desagertuko, eta hala izango da. Baina, azken sarrera egin nuenetik hilabete t'erdi joan denez, nolabaiteko agurra egiteari egoki iritzi diot. Beharbada lanik zailena eginda dago: gutariko gehienon berri zehatza eta eguneratua lortu izana (nork zeukan orduan e-mailik?). Hemendik aurrera, gure esku egongo da, Txurrukak adierazi zuen bezala, "euskal lobbya" izango dugun abian ala, gutxienez, "bazkaltzaindiak" bilerak antolatuko dituen (nire belaunaldikoei oharra: hasi genueneko 25. urteurrena ez genuen ospatu, baina bi urte barru behintzat 30. hori ez dugu ahaztuko, ezta?)
Hortaz, ez adiorik!

PS Datu pertsonalak, helbide elektroniko eta telefonoak, ez ditugu plazaratu jakina. Hala ere, baina baten bat interesaturik badago eskatzea besterik ez dauka.


2010/03/30

Aitor Arangurenek ateratako bideo eta argazkiak

Oraingoz, hau da dugun azken ekarpena; gainera, argazkiak ezezik, bideo pare bat ere badago.

2010/03/11

Ekitaldiko argazki gehiago

Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunetik iritsiko zara bilduma hau ikustera; erreportaia "ofiziala" nolabait esateko.

"Helize aureoa"

Horrez gain, Lea Dorronsoro ikaskideak ere zintzilikatu ditu sarean berak ateratatakoak .

Eta ez ahaztu, zeuk ere zintzilikatu badituzu edo hori egiteko asmoa baduzu, elab etiketa baliatu  interesa duenak modu errazean aurkitu ahal izateko.

2010/03/08

Edorta Españak botatako bertsoa

Leioako Campuseko Arboretumean bilduta geundela, eta ohitura zaharrari jarraiki, hona hemen Edortak botatako bertsoa (doinua, Xabier Leteren "habanera")
Etxeparek zioenez
“euskara jalgi plazara”
ta Unibertsitatean
ho(r)ixe e(g)in genuen hara!
ikasturte oso batez
ikasi, juerga ta algara
baina gure arteko hizkuntza
beti izanez euskara
lehenengoak izan ginen
a zelako hotzikara!
irakasle ta ikasleok
batuta egun ta gaba
berriro e(g)ingo genuke
berriz egin behar bada
euskaldunak gara eta
hortik kontuak atara.

2010/03/06

Oihartzuna

Komunikabideetan izan du isla atzoko ekitaldiak; oraingoz, ABCn, Deian, Diario Vascon eta El Correon aurkitu ditut aipuak, gaztelera nagusi dela gainera. Hori bai, nire gustukoena Txurrukari Deian egin dioten elkarrizketa, nahiz eta "gizarte zientzietako irakasle" bezala bataiatu duten. Edonola ere, biba bulldozerra! (bide batez aipatu bere aurkezpena Interneten jartzeko eskatu niola)

Halaber, Radio Euskadiko Dani Alvarezek errektoreorde eta ikaskide ohi den Jon Irazustari egin zion elkarrizketa hemen duzu entzungai (gazteleraz); neuk ez ditut garaiak berak zioen bezain iskanbilatsuak ("tumultuoso" hitza erabili zuen) ez behintzat ingurua zegoena baino areago eta argi zegoen nahikoa planifikatua zegoela hasi ginenerako.

2010/03/05

Ekitaldiko lehendabiziko argazkiak


OHARRA
Baten batek bereak zintzilikatzen baditu, bidal dezala lotura ohiko helbidera.

2010/03/04

E egunaren aurretik, esker onez

Bazirudien ez zela helduko baina ospakizunaren atarian gaude: 25 ordu falta dira sarrera hau argitaratzean. Bihar izango dugu elkar agurtzeko aukera (goazenok, ehun eta piku guztira) eta dena delakoagatik falta direnak gogoratzekoa. Ekimenak, gainera, badu isla; besteak beste, Sustatu.com-en sarrera bat eskaini digute. Halaber, beste komunikabide batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan. Ez dut uste hasiera batean hainbeste espero zitekeenik; eta nork pentsa arboretumean helizea osatzeko hamahiru tona harri botako zituztenik!

Ez dakit azkenean eguraldiak lagunduko duen, txartelak irakurtzeko modukoak izango diren, zuhaitzak behar bezala landatzeko modua izango dugun,  hizlariek nolako trebezia erakutsiko duten, opariaren tamaina edota piskolabisaren zaporea. Edonola ere, zilegi bekit, bezperan behintzat, ekitaldia eta topaketa gauzatzeko lan gehien egin duenari eskerrak ematea; beste batzuk, laguntzaile baino ez gaitu izan. Agian sarrera honen ondoren haserretu egingo zait, edota sekta autodestruktiboaren kutsuko erretolikaren bat "jasan" beharko dut (kar kar). 

Ez dut zalantzarik, lagunok: bera gabe, seguruenik, ezer gutxi izango genuke biharkoan. Mila esker, Jesus Mari Txurruka, "antolaketa batzordeko buru jauna"

2010/03/03

81/82eko oroitzapenak

Gogoratzen al da 81/82ko belaunaldiko inor egun batean txakur bat izan genuela Joserra Etxebarriaren klasean adi-adi lehenengo lerroan eserita? Ez omen da legenda urbanoa, ez horixe: Ibone Amezagaren txakurra izan zen matrikula ordaindu gabe klasean entzule. Halaxe kontatu dit ugazabak:

"Etxebarriaren fisikako klasean Noski nire txakurra  lehen lerroan eserita egon zen; uste dut Todor eta Txulaika buru gogor jarri zirela eta han sartu zuten!. Egia esanda txakurra oso ondo portatu zen eta gu, ikasle guztiok, inoiz baino hobeto. Ez badut txarto gogoratzen Jose Ramonek baimena eman zigun baina zerbait txarto guk eginda...akabo!"
Halaber, badirudi euskal lerrokook partaidetza zuzena izan genuela egun hartan "medikuntza-kazetaritza" gudan. Ez dute argitu noren alde edo noren kontra, baina suhiltzaileen mangera atera "zen", antza. Hori bai, hurrengo urtean "jai" egun hori debekatu egin zen montatu zenaren ondoren ;-)

Eta futbol-partida bitxi bati buruz inor gogoratzen al da?

2010/02/28

Argazkiak

Jakin badakigu joan den mendean orain baino argazki gutxiago ateratzen zela. Hala ere, orduko argazkiren bat baduzu hor etxean gordeta, zergatik ez duzu eskaneatzen eta ondoren guri helarazi?

Argazkiekin lotuta, seguruenez kamara digitala izango duzu eta ostiralean Leioara eramateko asmoa. Ez legoke gaizki gero Interenetera igotzeko asmorik baduzu denon artean etiketa edo tag bat erabakitzea aurkitzeko errazagoa izan dadin. Proposamenik?

AZKENA
elab erabiltzea da erabakia.

2010/02/27

Historikoen ekarpena Historiari begira

Jakin badakit Arboretumean landatuko ditugun zuhaitzek osatuko duten irudia ikusgarria izango dela eta hor geratuko dela hurrengo belaunaldientzat; seguruenik, ostiraleko zenbait une ahaztezinak izango dira gutariko askorentzat eta garai hartako oroitzapenak berpiztu eta osatu egingo zaizkigula.

Hala ere, zuhaitzen informazioari erreparatuta, gehiena gazteleraz dagoela ikusi dut. Eta  aurrera begira gure beste ekarpenetako bat Wikipedian horrelako edukiak euskaratzea balitz? Zer deritzozue?

2010/02/26

Arboretumean landatuko ditugunak

Hona hemen datorren astean Leioako Campusean dagoen arboretumean landatuko ditugun zuhaitz motak espiral aureoaren irudiari jarraiki, baita nork egingo duen ere:

Jon Zulaikak aipatutako batzuen argazkiak igorri dizkigu, dagoeneko Euskal Herrira iritsi zaizkigunak hain zuzen.



2010/02/22

Elkar agurtzeko aholkuak, Txurrukaren eskutik

Zorioneko bakanen batzuk izan ezik, gainerako guztioi 30-25 urteko epean fenotipoa, “kanpoko itxura” biologoak ez zaretenok ez baduzue hitz horren esangura ezagutzen, dexente, asko ez esatearren, aldatu zaigu. 

Neskok, zeuen “gerrarako pinturekin” hornituta, Lourdes-eko Amak egiten dituenak baino mirari handiagoak egiten dituzten mirarizko produktu farmazeutikoen laguntzarekin eta une ezin aproposagoan ileapaindegira eginiko tindaketarako bisitarekin, hobeto disimulatzen duzue denboraren iragana. Mutilok, salbuespenak salbuespen, ajolagabeagoak eta, orohar, arlote eta alferragoak izan ohi gara “karrozeria” zaintzeko kontuekin.

Beraz, ekitaldira zatozen neska jator horrek, duela 30-25 urte ezagutu zenuen ile kixkurreko mutil bizardun argaltxo hura, gaur egun burusoil bizargabe tripahandidun bihurtuta aurkitzen baduzu, pentsatu arren, ez egiozu esan: “Kaixo XX! Ia-ia ez zaitut ezagutu! Hona hemen meloiek ilerik ez daukatenaren froga bizia!” Edo beste hau, “Zenbat gizondu den lehen mailan ezagutu nuen mutil hura!” Kontuz, neska. Subkonszienteak demasako pasadak egiten dizkigu. eta orduan, “Zenbat gizondu den ...” esan beharrean, mihiak ere bere askatasun-unetxoak dituenez, “Zenbat gizendu den ...” esatea deliberatzen du. Utikan horrelako agurrak! Burusoil eta lodi xamar topatzen bagaituzue, neskok, esaiguzue eztitsuki “ze kalba interesgarria geratu zaizun!” Edo “ze “pottolo” zauden”! Horrela t bikoitzarekin, bustidura maitakor horrekin, “ze potolo (lodi) zauden” pentsatzen bazabiltzate ere, guk, mutilok “ze potxolo zauden” ulertzen dugu, eta inork ez du txartzat hartzen “potxolo interesgarria” dela entzutea. 

Eta mutil jator horrek, lehen mailan ezagutu zenuen grabitate-indarraren erakarpenari muzin eginez dena hestu, tente eta bere lekuan zeukan poxpolin hura, mende laurdena baino gehiago pasata, petxuek horizontalari eutsi ezinik dauzkan ipurtzabal papadadun bihurtuta topatzen baduzu, ez egiozu esan, ezta ametsetan ere: Kaixo, XX! Normala da nik ia-ia ez ezagutzea! Zure ipumasailek antz handiago dute nire seme-alabek gelako paretan duten posterreko mapamundiaren hemisferioekin emakume baten atzealdearekin baino! Beno, beno! Zure ikaskide ohi bati halakorik esatea pentsatzea ere! Esaiozue gozokiro “Lehen mailan zeundenean baino emakume-kurba markatuagoak dituzu, ezta?” Ezti-mamitan urtuta utziko duzue.