2010/03/05

Ekitaldiko lehendabiziko argazkiak


OHARRA
Baten batek bereak zintzilikatzen baditu, bidal dezala lotura ohiko helbidera.

2010/03/04

E egunaren aurretik, esker onez

Bazirudien ez zela helduko baina ospakizunaren atarian gaude: 25 ordu falta dira sarrera hau argitaratzean. Bihar izango dugu elkar agurtzeko aukera (goazenok, ehun eta piku guztira) eta dena delakoagatik falta direnak gogoratzekoa. Ekimenak, gainera, badu isla; besteak beste, Sustatu.com-en sarrera bat eskaini digute. Halaber, beste komunikabide batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan. Ez dut uste hasiera batean hainbeste espero zitekeenik; eta nork pentsa arboretumean helizea osatzeko hamahiru tona harri botako zituztenik!

Ez dakit azkenean eguraldiak lagunduko duen, txartelak irakurtzeko modukoak izango diren, zuhaitzak behar bezala landatzeko modua izango dugun,  hizlariek nolako trebezia erakutsiko duten, opariaren tamaina edota piskolabisaren zaporea. Edonola ere, zilegi bekit, bezperan behintzat, ekitaldia eta topaketa gauzatzeko lan gehien egin duenari eskerrak ematea; beste batzuk, laguntzaile baino ez gaitu izan. Agian sarrera honen ondoren haserretu egingo zait, edota sekta autodestruktiboaren kutsuko erretolikaren bat "jasan" beharko dut (kar kar). 

Ez dut zalantzarik, lagunok: bera gabe, seguruenik, ezer gutxi izango genuke biharkoan. Mila esker, Jesus Mari Txurruka, "antolaketa batzordeko buru jauna"

2010/03/03

81/82eko oroitzapenak

Gogoratzen al da 81/82ko belaunaldiko inor egun batean txakur bat izan genuela Joserra Etxebarriaren klasean adi-adi lehenengo lerroan eserita? Ez omen da legenda urbanoa, ez horixe: Ibone Amezagaren txakurra izan zen matrikula ordaindu gabe klasean entzule. Halaxe kontatu dit ugazabak:

"Etxebarriaren fisikako klasean Noski nire txakurra  lehen lerroan eserita egon zen; uste dut Todor eta Txulaika buru gogor jarri zirela eta han sartu zuten!. Egia esanda txakurra oso ondo portatu zen eta gu, ikasle guztiok, inoiz baino hobeto. Ez badut txarto gogoratzen Jose Ramonek baimena eman zigun baina zerbait txarto guk eginda...akabo!"
Halaber, badirudi euskal lerrokook partaidetza zuzena izan genuela egun hartan "medikuntza-kazetaritza" gudan. Ez dute argitu noren alde edo noren kontra, baina suhiltzaileen mangera atera "zen", antza. Hori bai, hurrengo urtean "jai" egun hori debekatu egin zen montatu zenaren ondoren ;-)

Eta futbol-partida bitxi bati buruz inor gogoratzen al da?

2010/02/28

Argazkiak

Jakin badakigu joan den mendean orain baino argazki gutxiago ateratzen zela. Hala ere, orduko argazkiren bat baduzu hor etxean gordeta, zergatik ez duzu eskaneatzen eta ondoren guri helarazi?

Argazkiekin lotuta, seguruenez kamara digitala izango duzu eta ostiralean Leioara eramateko asmoa. Ez legoke gaizki gero Interenetera igotzeko asmorik baduzu denon artean etiketa edo tag bat erabakitzea aurkitzeko errazagoa izan dadin. Proposamenik?

AZKENA
elab erabiltzea da erabakia.

2010/02/27

Historikoen ekarpena Historiari begira

Jakin badakit Arboretumean landatuko ditugun zuhaitzek osatuko duten irudia ikusgarria izango dela eta hor geratuko dela hurrengo belaunaldientzat; seguruenik, ostiraleko zenbait une ahaztezinak izango dira gutariko askorentzat eta garai hartako oroitzapenak berpiztu eta osatu egingo zaizkigula.

Hala ere, zuhaitzen informazioari erreparatuta, gehiena gazteleraz dagoela ikusi dut. Eta  aurrera begira gure beste ekarpenetako bat Wikipedian horrelako edukiak euskaratzea balitz? Zer deritzozue?

2010/02/26

Arboretumean landatuko ditugunak

Hona hemen datorren astean Leioako Campusean dagoen arboretumean landatuko ditugun zuhaitz motak espiral aureoaren irudiari jarraiki, baita nork egingo duen ere:

Jon Zulaikak aipatutako batzuen argazkiak igorri dizkigu, dagoeneko Euskal Herrira iritsi zaizkigunak hain zuzen.



2010/02/22

Elkar agurtzeko aholkuak, Txurrukaren eskutik

Zorioneko bakanen batzuk izan ezik, gainerako guztioi 30-25 urteko epean fenotipoa, “kanpoko itxura” biologoak ez zaretenok ez baduzue hitz horren esangura ezagutzen, dexente, asko ez esatearren, aldatu zaigu. 

Neskok, zeuen “gerrarako pinturekin” hornituta, Lourdes-eko Amak egiten dituenak baino mirari handiagoak egiten dituzten mirarizko produktu farmazeutikoen laguntzarekin eta une ezin aproposagoan ileapaindegira eginiko tindaketarako bisitarekin, hobeto disimulatzen duzue denboraren iragana. Mutilok, salbuespenak salbuespen, ajolagabeagoak eta, orohar, arlote eta alferragoak izan ohi gara “karrozeria” zaintzeko kontuekin.

Beraz, ekitaldira zatozen neska jator horrek, duela 30-25 urte ezagutu zenuen ile kixkurreko mutil bizardun argaltxo hura, gaur egun burusoil bizargabe tripahandidun bihurtuta aurkitzen baduzu, pentsatu arren, ez egiozu esan: “Kaixo XX! Ia-ia ez zaitut ezagutu! Hona hemen meloiek ilerik ez daukatenaren froga bizia!” Edo beste hau, “Zenbat gizondu den lehen mailan ezagutu nuen mutil hura!” Kontuz, neska. Subkonszienteak demasako pasadak egiten dizkigu. eta orduan, “Zenbat gizondu den ...” esan beharrean, mihiak ere bere askatasun-unetxoak dituenez, “Zenbat gizendu den ...” esatea deliberatzen du. Utikan horrelako agurrak! Burusoil eta lodi xamar topatzen bagaituzue, neskok, esaiguzue eztitsuki “ze kalba interesgarria geratu zaizun!” Edo “ze “pottolo” zauden”! Horrela t bikoitzarekin, bustidura maitakor horrekin, “ze potolo (lodi) zauden” pentsatzen bazabiltzate ere, guk, mutilok “ze potxolo zauden” ulertzen dugu, eta inork ez du txartzat hartzen “potxolo interesgarria” dela entzutea. 

Eta mutil jator horrek, lehen mailan ezagutu zenuen grabitate-indarraren erakarpenari muzin eginez dena hestu, tente eta bere lekuan zeukan poxpolin hura, mende laurdena baino gehiago pasata, petxuek horizontalari eutsi ezinik dauzkan ipurtzabal papadadun bihurtuta topatzen baduzu, ez egiozu esan, ezta ametsetan ere: Kaixo, XX! Normala da nik ia-ia ez ezagutzea! Zure ipumasailek antz handiago dute nire seme-alabek gelako paretan duten posterreko mapamundiaren hemisferioekin emakume baten atzealdearekin baino! Beno, beno! Zure ikaskide ohi bati halakorik esatea pentsatzea ere! Esaiozue gozokiro “Lehen mailan zeundenean baino emakume-kurba markatuagoak dituzu, ezta?” Ezti-mamitan urtuta utziko duzue.