2010/04/16

"Euskal lobbya abian" ala "Bazkaltzaindia"?

Joan da hilabete Leioan berriz bildu ginenetik. Eta nire aldetik blog hau sortzerakoan nituen aurreikuspenak bete egin direla onartuko dut; are, gainditu egin direlakoan nago: 5.300 inguru bisitaldi izan ditu webguneak, dokumentuak deskargatu egin dira, oraindik orain hurbiltzen denik ere badago, zuengandik jasotako iruzkinak eta mezu pribatuak...


Aipatu nuen  bloga ez zela desagertuko, eta hala izango da. Baina, azken sarrera egin nuenetik hilabete t'erdi joan denez, nolabaiteko agurra egiteari egoki iritzi diot. Beharbada lanik zailena eginda dago: gutariko gehienon berri zehatza eta eguneratua lortu izana (nork zeukan orduan e-mailik?). Hemendik aurrera, gure esku egongo da, Txurrukak adierazi zuen bezala, "euskal lobbya" izango dugun abian ala, gutxienez, "bazkaltzaindiak" bilerak antolatuko dituen (nire belaunaldikoei oharra: hasi genueneko 25. urteurrena ez genuen ospatu, baina bi urte barru behintzat 30. hori ez dugu ahaztuko, ezta?)
Hortaz, ez adiorik!

PS Datu pertsonalak, helbide elektroniko eta telefonoak, ez ditugu plazaratu jakina. Hala ere, baina baten bat interesaturik badago eskatzea besterik ez dauka.


2010/03/30

Aitor Arangurenek ateratako bideo eta argazkiak

Oraingoz, hau da dugun azken ekarpena; gainera, argazkiak ezezik, bideo pare bat ere badago.

2010/03/11

Ekitaldiko argazki gehiago

Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunetik iritsiko zara bilduma hau ikustera; erreportaia "ofiziala" nolabait esateko.

"Helize aureoa"

Horrez gain, Lea Dorronsoro ikaskideak ere zintzilikatu ditu sarean berak ateratatakoak .

Eta ez ahaztu, zeuk ere zintzilikatu badituzu edo hori egiteko asmoa baduzu, elab etiketa baliatu  interesa duenak modu errazean aurkitu ahal izateko.

2010/03/08

Edorta Españak botatako bertsoa

Leioako Campuseko Arboretumean bilduta geundela, eta ohitura zaharrari jarraiki, hona hemen Edortak botatako bertsoa (doinua, Xabier Leteren "habanera")
Etxeparek zioenez
“euskara jalgi plazara”
ta Unibertsitatean
ho(r)ixe e(g)in genuen hara!
ikasturte oso batez
ikasi, juerga ta algara
baina gure arteko hizkuntza
beti izanez euskara
lehenengoak izan ginen
a zelako hotzikara!
irakasle ta ikasleok
batuta egun ta gaba
berriro e(g)ingo genuke
berriz egin behar bada
euskaldunak gara eta
hortik kontuak atara.

2010/03/06

Oihartzuna

Komunikabideetan izan du isla atzoko ekitaldiak; oraingoz, ABCn, Deian, Diario Vascon eta El Correon aurkitu ditut aipuak, gaztelera nagusi dela gainera. Hori bai, nire gustukoena Txurrukari Deian egin dioten elkarrizketa, nahiz eta "gizarte zientzietako irakasle" bezala bataiatu duten. Edonola ere, biba bulldozerra! (bide batez aipatu bere aurkezpena Interneten jartzeko eskatu niola)

Halaber, Radio Euskadiko Dani Alvarezek errektoreorde eta ikaskide ohi den Jon Irazustari egin zion elkarrizketa hemen duzu entzungai (gazteleraz); neuk ez ditut garaiak berak zioen bezain iskanbilatsuak ("tumultuoso" hitza erabili zuen) ez behintzat ingurua zegoena baino areago eta argi zegoen nahikoa planifikatua zegoela hasi ginenerako.

2010/03/05

Ekitaldiko lehendabiziko argazkiak


OHARRA
Baten batek bereak zintzilikatzen baditu, bidal dezala lotura ohiko helbidera.

2010/03/04

E egunaren aurretik, esker onez

Bazirudien ez zela helduko baina ospakizunaren atarian gaude: 25 ordu falta dira sarrera hau argitaratzean. Bihar izango dugu elkar agurtzeko aukera (goazenok, ehun eta piku guztira) eta dena delakoagatik falta direnak gogoratzekoa. Ekimenak, gainera, badu isla; besteak beste, Sustatu.com-en sarrera bat eskaini digute. Halaber, beste komunikabide batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan. Ez dut uste hasiera batean hainbeste espero zitekeenik; eta nork pentsa arboretumean helizea osatzeko hamahiru tona harri botako zituztenik!

Ez dakit azkenean eguraldiak lagunduko duen, txartelak irakurtzeko modukoak izango diren, zuhaitzak behar bezala landatzeko modua izango dugun,  hizlariek nolako trebezia erakutsiko duten, opariaren tamaina edota piskolabisaren zaporea. Edonola ere, zilegi bekit, bezperan behintzat, ekitaldia eta topaketa gauzatzeko lan gehien egin duenari eskerrak ematea; beste batzuk, laguntzaile baino ez gaitu izan. Agian sarrera honen ondoren haserretu egingo zait, edota sekta autodestruktiboaren kutsuko erretolikaren bat "jasan" beharko dut (kar kar). 

Ez dut zalantzarik, lagunok: bera gabe, seguruenik, ezer gutxi izango genuke biharkoan. Mila esker, Jesus Mari Txurruka, "antolaketa batzordeko buru jauna"