2012/01/12

Nola daude helize aureoraren osagaiak?

Batek baino gehiagok pentsatu du, eta baita galdetu ere, zein den 2010eko apirilean landatutakoen egoera. Jesus Mari Txurruka, nor bestela, hurbil-hurbiletik dabil landareen prozesuaren atzetik, eta, aurrekoetan bezala, argazkien bitartez berri eman digu; bi unetan gainera.

2011ko maiatzean



2011ko irailean


Falta direnei buruzko informazioa (inor haserretu ez dadin):
"Zuhaitz batzuk falta dira. Maiatzean 1, 5 eta 11. Lehena, Cyca revoluta, uztailean bigarren aldiz ohostu zutelako eta 11.a, Notofagus antarctica, ekaineko igande bateko bero zakar batek hil zuelako (hurrengo egunean, astelehen goizeko 8.30etan mangerarekin ura botatzen nenbilen, baian alperrik). 5.a, Pseudolarix amabilis, zeharo mugituta atera zitzaidalako. Irailean lehena eta hamaikagarrena, emandako arrazoiengatik."

Eta argitzeko puntu bat: aitzurraren kirtenak 80 cm. ditu.

2010/12/29

Martxoaren 5eko bideoa

Kaixo lagunok,

hilabeteak joan zaizkigu aparteko albisterik gabe. Zuhaitzek hazte-prozesuan omen daude arboretumean eta ez dakigu bestelako topaketarik burutu den ospakizun-egunaren ondoren.

Baina, gabonetako oparia bailitzan, ostera ere  Jesus Mari Txurrukak ustegabeko atsegina eman digu: e-eguneko, hots, martxoaren 5eko bideo bat (are, You Tubera igotzeko gai izan da). Seguruenik, zeuen burua ikusteko modua izango duzue eta, besteak beste, diskurtsoak edota Edortak botatako bertsoa berriz entzutekoa.


2010/05/24

Loretzen hasita

 
Jesus Mari Txurrukak egindako jarraipenaren arabera, landatutakoetatik  zuhaitz bakarra loretu da oraingoz, hosto berri piloa emateaz batera. Ezetz asmatu norena izan den? Hemen duzue froga grafiko pare bat.

2010/04/16

"Euskal lobbya abian" ala "Bazkaltzaindia"?

Joan da hilabete Leioan berriz bildu ginenetik. Eta nire aldetik blog hau sortzerakoan nituen aurreikuspenak bete egin direla onartuko dut; are, gainditu egin direlakoan nago: 5.300 inguru bisitaldi izan ditu webguneak, dokumentuak deskargatu egin dira, oraindik orain hurbiltzen denik ere badago, zuengandik jasotako iruzkinak eta mezu pribatuak...


Aipatu nuen  bloga ez zela desagertuko, eta hala izango da. Baina, azken sarrera egin nuenetik hilabete t'erdi joan denez, nolabaiteko agurra egiteari egoki iritzi diot. Beharbada lanik zailena eginda dago: gutariko gehienon berri zehatza eta eguneratua lortu izana (nork zeukan orduan e-mailik?). Hemendik aurrera, gure esku egongo da, Txurrukak adierazi zuen bezala, "euskal lobbya" izango dugun abian ala, gutxienez, "bazkaltzaindiak" bilerak antolatuko dituen (nire belaunaldikoei oharra: hasi genueneko 25. urteurrena ez genuen ospatu, baina bi urte barru behintzat 30. hori ez dugu ahaztuko, ezta?)
Hortaz, ez adiorik!

PS Datu pertsonalak, helbide elektroniko eta telefonoak, ez ditugu plazaratu jakina. Hala ere, baina baten bat interesaturik badago eskatzea besterik ez dauka.


2010/03/30

Aitor Arangurenek ateratako bideo eta argazkiak

Oraingoz, hau da dugun azken ekarpena; gainera, argazkiak ezezik, bideo pare bat ere badago.

2010/03/11

Ekitaldiko argazki gehiago

Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunetik iritsiko zara bilduma hau ikustera; erreportaia "ofiziala" nolabait esateko.

"Helize aureoa"

Horrez gain, Lea Dorronsoro ikaskideak ere zintzilikatu ditu sarean berak ateratatakoak .

Eta ez ahaztu, zeuk ere zintzilikatu badituzu edo hori egiteko asmoa baduzu, elab etiketa baliatu  interesa duenak modu errazean aurkitu ahal izateko.

2010/03/08

Edorta Españak botatako bertsoa

Leioako Campuseko Arboretumean bilduta geundela, eta ohitura zaharrari jarraiki, hona hemen Edortak botatako bertsoa (doinua, Xabier Leteren "habanera")
Etxeparek zioenez
“euskara jalgi plazara”
ta Unibertsitatean
ho(r)ixe e(g)in genuen hara!
ikasturte oso batez
ikasi, juerga ta algara
baina gure arteko hizkuntza
beti izanez euskara
lehenengoak izan ginen
a zelako hotzikara!
irakasle ta ikasleok
batuta egun ta gaba
berriro e(g)ingo genuke
berriz egin behar bada
euskaldunak gara eta
hortik kontuak atara.