EUSKAL LERROAK ABIAN ekimenaren bidez, aukera izan dut nire ikaskide guztien zerrenda ikusi eta haietako batzuekin hitz egiteko. Baina bada bat, tamalez, pentsamenduz eta oroiminez baino ezin izan dudana gomutatu: Dina Bilbao Barruetabeña. 1997ko ekainean joan zen gure artetik, Karibeko itsasoan galduta.
Gogoan dut bera, irribarretsu eta alai. Mantso hitz egiten zidan —garai hartan behar nuen ulertu ahal izateko—. Oker ez banago, alde batera utzi zituen biologia‑ikasketak, eta handik aurrera bere patua izango zena urratzen hasi zen. Inon abenturazalea bazen, bera zen; ez izan dudarik.
Behin, UEUn geundela, esperientzia bat egitea otu zitzaien hango lagun batzuei: astebete edo eman baltsa batean Nafarroako urtegi batean. Eta hara joan zen gure Dina, beste lauzpabost lagunekin batera, gutxigorabehera 3m x 3m‑ko azalera zuen baltsa baten gainean astebetez edo bizitzera. Oroimenak traizionatzen ez banau, amaiera arte iraun zuen.
Eta handik aurrera, Laponia, Groenlandia, Nilo,... eta beste hainbat eta hainbat leku izan zuen abenturagune. Noiz eta 1997ko ekain malapartatu hura heldu arte. Ondarruko kresal artean jaio zen gure Dina, eta kresal artean ere joan zen mundu honetatik. Zauden lekuan zaudela, musu handi bat, Dina.
Eta Dina ekarri dut gogora, baina badira EUSKAL LERROAK osatu zituzten beste batzuk ere joan zaizkigunak: Jabi Goitia Elordi, José Luis Herrero García, Ramón Unzilla Aranberri, Joseba Koldobika Ortiz Jáuregui, Félix Unamuno Urkiza, Ane Gaminde Araluze. Barka inor ahaztu bazait.
No comments:
Post a Comment
Utzi hemen zure iruzkina. Mila esker!