2010/01/29

Arregiren zahartze-prozesua (Txurrukaren hitzetan)

Jesus Mari Arregi dugu pasadizoen iturri sarritan txoko honetan. Neuk, behintzat, bizar zuriz eta neguan txapelaz gogoratzen dut. Beraz, omenaldien garaia iritsita,  honez gero jubilatua egongo zelakoan nengoen. Baina, ez omen da horrela. Beste Jesus Mari batek, Txurrukak alegia, uste ustel honen zergatiaren arrazoi zientifikoa eman dit ;-)

"Arregiren zahartze-prozesua, bere fenotipoaren arabera, asintotikoa izan ei da" (asintota berez grekeratik dator, ἀσύμπτωτος — asýmptōtos— "erortzen ez dena")


Bestela esanda, orain dela 30 urte inguru zuen itxura mantentzen du gutxi gora behera eta garai hartan , gainera, uste baino gazteagoa zen benetan. Antza, zahar itxurara arinago helduta ere hor eusten dio mailari.

Zalantza pare bat. Ez dut argi Leioako Zientzi Fakultatearen eragina genotipoan. Eta azkena momentuz; ez didate argitu oraindik "suspentso abtsolutuak" jartzeko joera duen, edota berori asintotikoa edo esponentziala den :-D

Edonola ere, Txurrukaren hitzetan berak 26 urte eta hilabeteak baino ez ditu (hamaika hilabete jartzera nindoan, bostehun eta piku izan daitezkeen arren)

Irudia, Wikimedia Commons-etik hartua.

2 comments:

  1. Iñakiri zuzenketa txiki bat egin behar diot. Nik Euskadi Irratian ez nuen esan 26 urte eta hilabeteak nituela, baizik eta 26 urte eta hilabete "batzuk". Eta egia biribila da, "batzuk" horren indeterminazio-esparrua bi hilabetetik hilabete-kopuru infinitura hedatzen baita. Aitortu beharra daukat,26 urte nituela lehen mailan Biologia euskaraz irakasten hasi nintzenetik gaur arte, "batzuk" horren indeterminazio-esparruan "bitik" asko urrundu garela eta abiadura uniformeki azeleratuan goazela infiniturantz. "Garela" eta "goazela" idatzi dut, ez baituzue uste izango zuen kasuan denbora astiroago doanik, ezta?

    Jesus Mari Txurruka

    ReplyDelete
  2. Grabaketa entzun beharko :-D

    ReplyDelete

Utzi hemen zure iruzkina. Mila esker!