2010/02/01

Ero edo (Edorta España)

79/80 ikasturte hartan, zientzietako euskal taldean, baginen euskaldun zaharrak eta berriak. Eta euskaldun berri gisa neraman hizkuntza “enlatatuak” talka egiten zuen ikasgelan entzuten zen hizkera bizi‑biziarekin.

Gure kimika‑irakaslea, Itziar, Berrizkoa zen, eta da, eta hark, noski, hango erara egiten zuen hitz. Egun batean, ez dakit zein motatako erreakzioa azaltzen ari zela, “ero” hitza bota zuen: “erreakzio hau ero beste hau”.

Neuk bai erotuta amaitu nuen egun hartan klasea. Orduko nire hizkuntza‑maila gainditzen zuen hizkera biziak, eta gainera, garai hartan ez neukan kontsonante oklusiboen artean dauden desplazamenduen berririk. Klasea amaitu zenean, ikaskide bati galdetu nion zer zela-eta “ero” behin eta berriro, eta hark azaldu zidan “ero” hori “edo” zela. Beste behin ere GLUP egin behar izan nuen.

2 comments:

  1. Anjeles Iztueta Azkue3/05/2010

    Kaixo !
    Gaur Leioan izan naiz.Hori dela eta zuen blog honekin topo egin dut...

    UEUn ibililitakoa naiz, betirako geldituko da han bizitakoa... ni garai hartan beste asko eta asko bezala Valladoliden nintzen ikasle eta uztailean Larraonan azaltzen ginen ... ahaztu ezinak komikia ikastaroak Olariaga marrazkilariarekin, gaupasak, matematika tailerrak,mus partidak,mutil eta nesken arteko futbol partidak....
    Matematika ikasketak burutu ostean Sarrikora etorri nintzen irakasle eta han bigarren urtean nintzelarik, ausartu ginen Matematika klaseak euskerak ematera...hori dela eta eman digute gaur oparitxoa...
    Tartean Matematika hiztegia lantzeko taldean parte hartzen genuen Elhuyar eta UZEIrekin : Carlos Santamaria, Yosu Yurramendi, Xabier Mauleon, Maria Jesus Alkain, Mari Jose Zarate...

    Aurrean irakurri dut ere Edorta-ren Post eder bat..Dina Bilbao..gure anaia Josu Iztuetaren neska laguna...zenbat maite genuen Dina !!!!.
    Jesus Mari Txurruka?...berarekin zenbat ordu pasatzeko aukera izan nuen bere bareen tesi hura zela eta...gaur eman duen hitzaldia izugarri gustatu zait !!!

    gaurko eguna oroitzapenez betetakoa izanda...eta hemendik eskerrak eman nahi dizkizuet hau guztia antolatu duzutenoi...MILA MILA ESKER !!!!!

    ReplyDelete
  2. Badakizu, Anjeles, hemen duzula nahi duzunerako txokoa; pasadizoak beti dira ondo hartuak.

    Eta zorionak zuri, omenduetako bat izan baitzara.

    ReplyDelete

Utzi hemen zure iruzkina. Mila esker!