2010/02/22

Elkar agurtzeko aholkuak, Txurrukaren eskutik

Zorioneko bakanen batzuk izan ezik, gainerako guztioi 30-25 urteko epean fenotipoa, “kanpoko itxura” biologoak ez zaretenok ez baduzue hitz horren esangura ezagutzen, dexente, asko ez esatearren, aldatu zaigu. 

Neskok, zeuen “gerrarako pinturekin” hornituta, Lourdes-eko Amak egiten dituenak baino mirari handiagoak egiten dituzten mirarizko produktu farmazeutikoen laguntzarekin eta une ezin aproposagoan ileapaindegira eginiko tindaketarako bisitarekin, hobeto disimulatzen duzue denboraren iragana. Mutilok, salbuespenak salbuespen, ajolagabeagoak eta, orohar, arlote eta alferragoak izan ohi gara “karrozeria” zaintzeko kontuekin.

Beraz, ekitaldira zatozen neska jator horrek, duela 30-25 urte ezagutu zenuen ile kixkurreko mutil bizardun argaltxo hura, gaur egun burusoil bizargabe tripahandidun bihurtuta aurkitzen baduzu, pentsatu arren, ez egiozu esan: “Kaixo XX! Ia-ia ez zaitut ezagutu! Hona hemen meloiek ilerik ez daukatenaren froga bizia!” Edo beste hau, “Zenbat gizondu den lehen mailan ezagutu nuen mutil hura!” Kontuz, neska. Subkonszienteak demasako pasadak egiten dizkigu. eta orduan, “Zenbat gizondu den ...” esan beharrean, mihiak ere bere askatasun-unetxoak dituenez, “Zenbat gizendu den ...” esatea deliberatzen du. Utikan horrelako agurrak! Burusoil eta lodi xamar topatzen bagaituzue, neskok, esaiguzue eztitsuki “ze kalba interesgarria geratu zaizun!” Edo “ze “pottolo” zauden”! Horrela t bikoitzarekin, bustidura maitakor horrekin, “ze potolo (lodi) zauden” pentsatzen bazabiltzate ere, guk, mutilok “ze potxolo zauden” ulertzen dugu, eta inork ez du txartzat hartzen “potxolo interesgarria” dela entzutea. 

Eta mutil jator horrek, lehen mailan ezagutu zenuen grabitate-indarraren erakarpenari muzin eginez dena hestu, tente eta bere lekuan zeukan poxpolin hura, mende laurdena baino gehiago pasata, petxuek horizontalari eutsi ezinik dauzkan ipurtzabal papadadun bihurtuta topatzen baduzu, ez egiozu esan, ezta ametsetan ere: Kaixo, XX! Normala da nik ia-ia ez ezagutzea! Zure ipumasailek antz handiago dute nire seme-alabek gelako paretan duten posterreko mapamundiaren hemisferioekin emakume baten atzealdearekin baino! Beno, beno! Zure ikaskide ohi bati halakorik esatea pentsatzea ere! Esaiozue gozokiro “Lehen mailan zeundenean baino emakume-kurba markatuagoak dituzu, ezta?” Ezti-mamitan urtuta utziko duzue.

No comments:

Post a Comment

Utzi hemen zure iruzkina. Mila esker!